‘Atlantik 1050’, Euskal Herriko eta Eskoziako dantza tradizionalak uztartuko dituen ikuskizuna prestatzen hasi dira

Euskal Herriko eta Eskoziako dantza tradizionalak uztartuko dituen Atlantik 1050 kale ikuskizuna prestatzen hasi dira alde bietako sortzaileak, eta horretarako, gaur izan dute aurreneko saioa, Errenteriako Niessen gunean.

Eskozia eta Euskal Herriaren arteko lotura itsasoa izanik, ikuskizun honek ere kostaldetik kostalderako bidaia egitea du helburu, horregatik, Edinburgon eta Errenterian sortu, garatu eta aurkeztuko da ekimena. Bi herrien artean 1.050 itsas milako distantzia dago eta hortik datorkio Atlantik 1050 Basque-Scottish Traditional Dance hasierako izena.

Etxepare Euskal Institutuak, Errenteriako Atlantikaldiak eta Dance Base-ek, Eskoziako Dantza Zentro Nazionalak sustatutako proiektua da honakoa eta lan taldea osatzeko, Dance Basek Jen Wren koreografoa eta Amy Geddes musikaria hautatu zituen zuzendari artistiko eta musika zuzendari gisa; eskoziar dantzariak aukeratzeko deialdia luzatu dute eta dantza tradizionaletan trebatutako 16 eta 25 urte bitarteko gazteen artean hautatuko dituzte.

Euskal partaideei dagokienez, Atlantikaldiak Errenteriako Ereintza Dantza Taldeari enkargua egin eta horrek bere kide Alain Maya dantzari eta koreografoa izendatu du proiektuaren zuzendari artistikoaren zein musika zuzendariaren aholkulari, euskal dantza eta musika tradizionalaren alorrean. Berak osatuko du euskal dantzari taldea: “Ereintza oinarri hartuta Euskal Herriko txoko askotako dantzariak elkartuko ditugu”, jakinarazi du Mayak aurkezpenean. Ikuskizuna musikaz jantziko duten bi musikariak ere euskaldunak izango dira.

Wren eta Geddes Euskal Herrian lanean ari dira egunotan. Egonaldi horri buruz Mayak esan du lehenengo helburua bi zuzendariak euskal kulturaz hornitzea izango dela. Uztailaren 22tik 26ra, berriz, Maya Eskozian izango da, Wren, Geddes eta bertako dantzariekin muntaia osotzeko.

Egingo duten lanaren harira, “badira antzerako diruditen hainbat erritmo eta mugimendu, baina erabat ezberdina izango den zerbait sortuko dugu”, azaldu du Wrenek. Mayak bere aldetik, “sorkuntza prozesuan bi hitz klabe azpimarratuko nituzke: harremana eta komunikazioa. Harremana, bi kulturen arteko zubia delako proiektua; eta komunikazioa, dantza delako gure lengoaia”, gaineratu du. Lan prozesuaren emaitza Edinburgon eszenaratuko da estreinakoz, Fringe-n, abuztuaren 9an, eta irailaren 22an Atlantik 1050 Euskal Herrira itzuliko da, Errenteriako Atlantikaldira, hain zuzen ere.

Zabaldu: