Lanbide tradizionalei eskainitako programa honetan, aurten, erakusketa bat izango da Laborategia aretoan, eta gaiarekin lotutako lagin bat eta erakustaldiak klaustroan. Beste jarduera batzuk ere egingo dira udaberriko oporraldian.
San Telmo Museoak antolatzen duen Atzokoak gaur. Lanbide tradizionalak egitasmoak papergintzaren artisautza izango du ardatz aurten. Apirilaren 12ra arte, gai honen inguruan erakusketa eta jarduerak izango dira Donostiako museoan.
Antolatzaileen esanetan, “lanbideak bizimodu jakin bati lotuta daude, eta etengabeko aldaketan dagoen gizarte bateko jakintzen transmisioari. Ekoizpen eredu berrien ondorioz, lanbide tradizional asko desagertu egin dira arrastorik utzi gabe, eta ahaztuta geratu dira; beste batzuk, artisauei esker gorde dira; eta beste zenbaitek, berriz, eraldatzea lortu dute egungo errealitate bati erantzunez”.
Aurten papera izango da egitasmoaren ardatza. 105. urtean Txinan asmatu zutenetik, papera mundu osoan idazketa-euskarri gisa finkatu da. Ura behar-beharrezkoa da papera fabrikatzeko, eta energia hidraulikoaren eskuragarritasuna izan zen, hain justu, Euskal Herrian papera egiteko lehen errotak sortzea bultzatu zuena, XVIII. mendearen amaieran. Horretarako, kasu batzuetan antzinako burdinolen azpiegiturak berrerabili zituzten, adibidez, Fausto Arriagarena (Berriz, 1780), Juan de Ibarrena (Alegia, 1803) eta Martin de Olanorena (Igarondo, 1817).
XIX. mendearen erdialdean fabrikazio mekanikoak pixkanaka ordezkatu zituen eskuzko errotak, baina eskuz egindako paperarekiko interesak bizirik dirau, eta Atzokoak Gaur ekimenaren 2026ko edizioak lanbide hori ondo ezagutzeko aukera emango digu. “Horretarako, jarduera hori bizirik mantentzen eta beren teknikak eta ezagutzak helarazten lan handia egiten duten zenbait maisu artisau izango ditugu gurekin”.
Hala, Aste Santuko oporraldian zehar, klaustroan erakusketa txiki bat izango da ikusgai. Bertan, San Telmo Museoaren, Gordailuaren, Aranzadi Zientzia Elkartearen eta, nagusiki, Marino Ayalaren bildumetako piezak daude, papera egiteko lehengaietatik hasi eta paperaren ezaugarriak neurtzeko tresna espezifikoenetaraino. Ayalak, gaian aditua, papergintzako ingeniaritza teknikoa ikasi zuen. Gaur egun erretiratuta dago, baina paperaren munduan lanean jarraitzen du, hitzaldien, artisau-paperaren tailerren, erakusketen eta paper-filigranen bilketaren bidez. Centre d’Estudis del Museu Valenciá del Paper-en Filigranes aldizkariko zuzendaria da. Aurtengo Atzokoak gaur edizioan bere laguntza izan du museoak, bai erakusketarako piezekin, baita aholkularitzan eta jarduera programazioan.
Papera egiteko prozesuan erabiltzen diren pieza hauek daude ikusgai: zenbait landare-zuntz eta paper-oreak; kotoizko piltzarrak; Itsasondoko Ibarra errotako egurrezko turbina; burdinezko iltze edo pieza zorrotzak; laborategiko aska holandarra, Legorretako Echezarreta paper-fabrikakoa; zurezko terreina bat eta orriak egiteko erabiltzen ziren tamaina ezberdinetako moldeak; taxututako paper-orri hezeak, marrega artean tartekatuak; filigranak egiteko moldeak eta filigrana edo ur-marka duten paper-orriak; orriei ura kentzeko prentsa, Andoaingo Leitzaran paper-fabrika; papera prentsatik atera ondoren lehortzeko sistema; paperaren gramajea neurtzeko balantza; paperaren lodiera neurtzeko gailua.
Zehaztu dutenez, “eskuz egindako paperak ezaugarri berdingabeak ditu ukimenarentzat eta ikusmenarentzat, eta kasu guztietan aplika daitezkeen parametro batzuk erabiltzen dira halakoak deskribatzeko: tamaina, gramajea, lodiera, kolorea, gainazalaren akabera, opakutasuna… Bestalde, erresistentzia ezaugarri garrantzitsua da, haren araberako erabilerak izango baititu paperak”.
Atzokoak gaur
Programa 2018an abiatu zuten, eta aurreko edizioetan lihoa, artzaintza, gaztaren elaborazioa, saskigintza, txokolategintza eta musika tresnak izan dira gai nagusiak. “Proiektuak lanbide tradizionalak ezagutzen eta zabaltzen lagundu nahi du: teknikak eta lan egiteko moduak, erabilgarritasuna, lotutako ohiturak, horiek garatzen dituzten pertsonak”.
Erakusketa iraunkorrarekin lotura izaten du, eta Aste Santuko oporraldirako programazio espezifiko gisa proposatzen da.