Mikel Alvarezek irabazi zuen aurreko beka (argazkia: Ondarroako Udala)

Augustin Zubikarai XXII. sarian parte hartzeko deialdia zabalik da

Proiektuak irailaren 30era arte bidali ahal izango dira. Irabazleak 6.000 euroko saria jasoko du eta eleberria Elkar argitaletxearekin argitaratuko du.

Euskal kultura aberasteko eta idazleen lana bultzatzeko asmoz, Augustin Zubikarai saria antolatzen dute urtero Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak.

Hamar urtez nobela laburrentzako lehiaketa izan zen Agustin Zubikarai beka, baina 2010ean formatuz aldatu eta nobelak sortzeko beka bihurtu zen. Ordutik, Joxean Agirreren Zwei Frauen (Bi emakume), Itxaso Araqueren Damutzen ez direnak, Garbi├▒e Ubedaren Hobe isilik, Garazi Kamioren Orube abandonatuak, Jasone Osororen 12etan bermuta, Miren Gorrotxategiren 33 ezkil, Katixa Agirreren Amek ez dute, Xabier Etxeberriaren Berriro itzuliko balitz, Eneko Barberenaren Afrikaners, Idoia Garcesen Mendiko gaitza, Lander Garroren Faith eta Mikel Alvarezen Euskalia lanak saritu eta argitaratu dituzte bekarekin.

Parte hartzeko oinarriak

Deialdi honetara, eleberriak idazteko proiektuak aurkez litezke, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak. Beka hau behin irabazten duenak ezingo du berriz parte hartu.

Partehartzaile bakoitzak, ondorengoak aurkeztu behar ditu, emailez atxikitako dokumentuetan:

1) Landu nahi duen kontakizunaren azalpena, 2.000 eta 6.000 karaktere bitartekoa, egoki iritzitako  ezaugarriak zehaztuz, hala nola, argumentua, egitura, luzera, estiloa, etab.
2) Idazlanaren lagina edo erakusgarria, 15.000 eta 40.000 karaktere bitartekoa, ez nahitaez kontakizunaren hasierakoa, baina bai zati bakarra osatzen duena.
3) Egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiriaren kopia eskaneatua. (Egileei buruzko informazioa Udalak gordeko du erabakia hartu arte, eta epaimahaikoek ez dute jakingo haien berri).

Proiektuak, 2022ko irailaren 30era arte bidal litezke helbide honetara: mrey@ondarroa.eus

Ana Urkiza, Leire Bilbao eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien arteko bat izendatuko du irabazle 2022ko urriaren 31 baino lehen. Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezake epaimahaiak. Saria 6.000 eurokoa izango da eta irabazleak, izendapena jaso eta urtebeteko epea izango du, gehienez, idazlan amaitua helarazteko. Luzera aldez aurretik zehazten zaila bada ere, liburua osatzeko adina izan beharko du: 150.000 karaktere gutxienez. Bitarte horretan egileak hasierako proiektua aldatu nahi izango balu, epaimahaikoei jakinarazi beharko die aldaketaren berri eta haien onespena jaso. Horrez gain, lanaren martxaz jakinaren gainean edukiko ditu antolatzaileak.

Idazleak bere lana entregatuko ez balu, edo idazlan horren izaera eta kalitatea, epaimahaikoen iritziz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmenki kaxkarragoak balira, idazleak itzuli egin beharko du jasotako dirua.

Beka jasotako idazlanaren jabetza egilearena izango da. Alabaina, lan horrek ezingo du beste inongo beka edo saririk jaso, ez laguntzaren aurretik ez eta ondoren ere, argitaratu osteko sariak izan ezik. Elkar argitaletxeak argitaratuko du idazlana, eta egile-eskubideak ohiko moduan ordainduko dizkio egileari. Epaimahaiak onespena ematen duenetik hiru hilabeteko epean kaleratu beharko da liburua, eta bertan bekaren aipamena egingo da nahitaez.

Zabaldu: