(argazkia: Beñat Lizaso)

Aukeran dantza konpainiak ‘Migratzaileak’ obra estreinatuko du Bilbon

Ikuskizunaren bitartez konpainiak migrazioaren inguruan emozioak eta galderak partekatu nahi ditu publikoarekin. Obra martxoaren 25ean estreinatuko da Arriaga Antzokian.

Bilboko Loraldia Festibalaren zortzigarren edizioa estreinaldiz beteta dago, Aukeran dantza konpainia, esaterako, bere estreinaldi propioarekin dator: Migratzaileak dantza ikuskizuna. “Mugitzea, funtsean, gorputz bat lekuz aldatzea da. Lekuz aldatzean gorputzaren barruko guztia mugitzen da harekin: ametsak, beldurrak, minak eta itxaropenak”, dio lantaldeak . Martxoaren 25ean izango da estreinaldia, Arriaga Antzokian.

Konpainiak bere 25. urteurrena ospatzeko ikusleak hausnartzera gonbidatu nahi ditu: “ez dadila norbera izan hormarik altuena. Irekitasuna adierazi nahi da dantzaren eta jarrera eszenikoaren bitartez. Historiari begiratu, gure mina besteena ere badela oroitzeko. Mina ukatu gabe, topo egiteak ospatzeko prest egotea da publikoari proposatzen zaiona. Zer da migratzaile izatea ez bada, funtsean, mugitzea: gorputz bat lekuz aldatzeko prest egotea, eta leku berri horretan norbera den gorputza berriro deskubritzea”.

Edu Muruamendiarazek sortu zuen dantza konpainia, eta bertatik dantzariez gain, koreografoak, musikariak, idazleak eta eszena zuzendariak, besteak beste, pasatu dira. Mugimendu asko izan dute urte hauetan, eta mugimendu horri esker proiektu berri eta desberdinetara mugitu izan ditu. Gaur egun dantzari berri eta gazteez osatuta dago konpainia, daukaten ilusioa, errespetua, ahalegina eta elkartasuna taula gainean espresatzen dute. Urteetan zehar hainbat ikuskizun aurkeztu dituzte. 1997an Aukeran izeneko ikuskizuna sortu zuen taldeak, aurkezpen gisa. Horren ondoren beste 13 etorri dira, besteak beste: Izena duen guztia omen da (2003); 10. urteurrena (2007), Gernika, mihise gaineko dantza (2009); Geltokia (2014); Maurizia (2016); edota Biz Hitza (2019).

Horrez gain hamaika kolaborazio egin izan dituzte Kepa Junkera, Carlos Saura, Arriaga Atzokia, Alos Quartet, edota Crystal Fightersekin. Nazioarteko azoka eta jaialdietan ere parte hartu izan dute.

Migratzaileak obrarako Muruamendiarazek berak egin ditu zuzendari lanak, Oier Guillanek, berriz, gidoia idatzi du, Xabi Aburruzagak musika konposatu du eta argiztapenaz Carlos Solano arduratu da.

Zabaldu: