(argazkia: BFA)

Aurten ere Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko da Bizkaian programazio berezi batekin

Bizkaiko museo gehienetan tailer ezberdinak antolatuko dira aire zabalean eta lurraldeko 45 museoak egun bakar batean ezagutzeko aukera izango da.

Bizkaiko museo-eskaintza aberatsa eta askotarikoa herritarrei hurbiltzeko asmoz, maiatzaren 18an, igandea, Bizkaiak bat egingo du Museoen Nazioarteko Egunarekin, Bizkaia Museoz Museo, aukeratzeko beste lelopean.

Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuak azpimarratu duenez  “Museoen Nazioarteko Egun hau ez da soilik kulturaren ospakizun bat. Kulturgune horiek, museoek, gure gizartean betetzen duten funtsezko zereginaren hausnarketa eta aintzatespena sustatzen duen eguna da, hain zuzen ere. Gure historiaren, kulturaren eta nortasunaren zantzuak dira”.

Hala, Bizkaiko Foru Aldundiak Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko ekimena antolatu du maiatzaren 18an Abandoibarran, Evaristo Txurruka kaian, Bilbon. 11:00etatik 19:00etara, ikus-entzunezko pieza batez gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Honetan, lurraldeko 45 museoetan barrena ibilbidea egin ahal izango dute, egun batean museoen aniztasuna eta aberastasuna ezagutzeko aukera emanez. Gainera, Bizkaiko museo-eskaintzari buruzko materialak banatuko dira.

Gune horretan bertan, 5 eta 11 urte bitarteko haurrei zuzendutako tailerren gune bat jarriko da, museoekin lotutako sorkuntza- eta hezkuntza-jardueretan parte hartu ahal izateko. Tailerrak 11:00etatik 15:00etara egongo dira zabalik. Parte hartu nahi dutenek tailerren gunera hurbildu eta izena eman beharko dute, parte hartzea librea da edukiera bete arte.

Abandoibarrako jarduerez gain, Bizkaiko museoek jarduera bereziekin eta doako sarrerarekin ospatuko dute eguna museo gehienetan. Programatutako jarduerei eta museo parte-hartzaileei buruzko informazio guztia museoeneguna.eus webgunean dago eskuragarri.

Zabaldu:

Utzi erantzuna