(argazkia: Hernaniko Udala)

Auzmendi Hezkuntza beka martxan da, ikastetxeei eraldaketan laguntzeko asmoz

Abenduaren 1era arte bidali ahal izango dira proposamenak; 12.000 euroko zenbatekoa izango du bekak.

Joxe Mari Auzmendi Hezkuntza Beka, Hik Hasik eta Hernaniko Udalak hezkuntza komunitatearen esku jartzen duten tresna bat da. Bekak hobekuntza pedagogikoan eta ikerketan jartzen du arreta: “Bekara aurkeztuko diren proiektuek ikastetxeei hobekuntzan eta eraldaketa pedagogikoan laguntzea nahi dugu, eta horretarako, ikerketa bat egitea eta horren ostean material bat eskaintzea hobetsiko da”, azaldu du Hik Hasiko eragiletza arduradun Ainhoa Azpirotzek.

Hik Hasiren egitekoetako bat hezkuntzan dauden hutsuneak detektatzea eta horiei erantzutea da. “Beka honekin ere horixe nahi dugu: eraldaketa prozesuetan dabiltzan edo hasi nahi duten ikastetxeei helduleku bat ematea, marko bat eskaintzea”, adierazi du Azpirotzek.

“Euskal Herriko ikastetxeek gaur egungo erronka sozial, etiko, teknologiko, pedagogiko eta abarrei erantzuteko, eraldaketa prozesuak egitea beharrezkoa dute, eta eraldaketak marko teoriko eta bide-orri metodologikoa behar ditu”, erantsi du Azpirotzek. “Beka honek eraldaketa prozesuan lagunduko duten oinarri teorikoak eta metodologikoak osatzea da helburua. Etengabeko hobekuntzaren bidean, beka honen emaitzak Euskal Herriko ikastetxe guztientzat lagungarria izan daitekeen material bat proposatuko du, orientagarria, iradokitzailea eta praktikoa, horren gainean ikastetxe bakoitzak bere prozesua egin dezan ondoren”.

Beka Euskal Herrian hezkuntza-hobekuntzan dabiltzan ikerlariei, ikerketa-taldeei, pedagogoei, hezitzaile taldeei edota unibertsitateari zuzenduta dago. Proposamenak aurkezteko epea abenduaren 1ean bukatuko da eta epaimahaiak 2026ko urtarrilaren 8an jakinaraziko du zein den saritutako proiektua. Bekaren zenbatekoa 12.000 eurokoa izango da eta, urte eta erdiko epean gauzatu beharko da.

Azpirotzek adierazi duenez, “Hik Hasi ilusioz dago, Euskal Herriko ikastetxeei beka honen emaitza oso baliagarria egingo zaielako eta Joxe Mariaren balio garrantzitsu bati bide emango zaiolako. Harentzat hain garrantzitsu ziren haurrak kontuan izango dituzten heziguneak behar ditugu eta horretarako etengabeko hobekuntza pedagogikorako tresna erabilgarria eta argigarria sortuko da”.

Informazioa, hemen.

Zabaldu:

Utzi erantzuna