Olfa Sendesniren Rabia(a)-Amorrua- ﺔﻌﺑا

‘Auzo aberats eta anitz baten erdian 11 urte ospatuz’ lelopean, egitarau berezia antolatu du Gasteizko Baratza Aretoak

Aurtengo edizioa abenduaren 12tik 15era izango da.

Gasteizko Baratza Aretoak hamaika urte bete ditu aurten eta urtemuga ospatzeko egitarau berezia antolatu du abenduaren 12tik 15era bitartean. Hamargarren urteurrena jai handi batekin ospatu zuten iaz eta aurten, “inguratzen gaituen auzoari, Baratza Aretoari, Errota Zaharra-Koroatze auzoari, lagundu behar diogu”, adierazi dute bertako kideek. “Auzo aberatsa da bere kultur aniztasunean, eta arteari eta kulturari eskainitako areto batek baino ezin du ospatu”.

Aretoko kideek azaldu dutenez, “azkenaldian, bizikidetza-arazo batzuk azaleratzen ari dira gure auzoetan. Gizakien artean oso ohikoa den zerbait. Batzuetan kosta egiten zaigu elkarrekin bizitzea, eta horregatik enpatia landu behar dugu, edo komunitatean bizitzea oso zaila izango da. Animalia sozialak gara, eta gure auzoak zaindu behar ditugu, eta auzoek gu zaintzen utzi. Gure bizilagunak ezagutzeak aurreiritziak desmuntatzen ditu, eta horregatik nahi dugu Baratza topagune eta ezagutza kultural eta pertsonalerako gune izatea. Hori dela eta, urteurren honen programazioak partekatu, ikasi, hazi eta komunitatean gozatzeko gune bat eskaintzen du”.

Programazioa abenduaren 2an arratsaldeko 19:00etan emango diote hasiera Lina Soualeren Bye bye tiberias film dokumentalaren emanaldiarekin. Palestinako emakumeen erresistentzia, erresilentzia eta biziraupenari buruzko istorioa da honakoa.

Abenduaren 13an, ostirala, 20:00etan, CentrApunto Decolonialek Gure esklabistak proiektua aurkeztuko du. Aurkezpenaren ondoren mokadua jateko aukera egongo da, musikaz girotuta.

Larunbatean, 20:00etan Olfa Sendesniren Rabia(a)-Amorrua– ﺔﻌﺑا pieza antzeztuko da. Ikuspegi feminista, antiarrazista eta dekolonial baten bitartez mugak zeharkatzera gonbidatzen gaituen obra intersekzionala da. Emakume musulmanen eta ipar afrikarren ikuspegi okerraren eta desitxuratuaren inguruan hausnartzen du, eta feminismo hegemonikoa zalantzan jartzen du, emakume migratuek eta arrazionalizatuek jasaten dituzten berariazko indarkeriak azaleratzen ditu. Kultura erreferentziak eta hainbat hizkuntza hartzen ditu barne (arabiera, gaztelania eta euskara), eta artea eta kultura uztartzen ditu, itxuraz aldenduta dauden hiru kulturen artean zubiak eraikiz. Ondoren, jaiak Satelite tabernan jarraituko du, Marokoko janariarekin eta DJ eromenarekin.

Jarduera programari amaiera emateko, igandean zortzi urtetik aurrerako familia plana izango da 18:00etan. Amazigh ahozko narrazioa (Bereber) Cuentos de sal y arena Ridouane Chakouch Lamanen eskutik (Agharas Elkartea). Migratutako pertsonen (batez ere gazte migratzaileen) errealitateaz sentsibilizatzeko beste tresna bat. Basamortutik Euskadira datorren gazte baten benetako istorioa da, Amazigh kulturako hainbat ipuinekin tartekatuta.

Jarduera batzuk doakoak izango dira eta besteak 5 eta 8 euro bitartekoak. Informazio guztia https://salabaratza.com webgunean dago eskuragarri. Ekitaldira joateko sarrerak info@salabaratza.com helbidera mezu elektroniko bat bidalita edo leihatilan (ekitaldiaren egunean bertan) eskuratu daitezke.

Zabaldu:

Utzi erantzuna