Ikuskizunak igandeetan, hiriko hainbat gizarte etxetan taularatuko dituzte: Arana, Aldabe, Ariznabarra, Arriaga, Ibaiondo, Salburua eta Zabalganeko gizarte etxeetako ekitaldi aretoetan.
Gasteizko Udalak Auzo Eszena programaren hamaikagarren edizioa antolatu du, hiriko talde ez profesionalei beren lanak jendaurrean aurkezteko aukera emateko.
Guztira bederatzi obra eskainiko dira otsailetik maiatzera bitartean, Arana, Aldabe, Ariznabarra, Arriaga, Ibaiondo, Salburua eta Zabalganeko gizarte etxeetako ekitaldi aretoetan.
Programa otsailaren 20an abiatuko da, Araneko gizarte etxean, Ciro Diro-ren Soy un fraude bakarrizketarekin. Martxoan, berriz, hiru ikuskizun izango dira: 6an, Kabia antzezlana Aldaben; 13an, Mago Goyoren Txirriski Mirriski magia eta mentalismo ikuskizuna; 27an, Decidme cómo es un árbol poesia errezitaldia, Poetas Rojos klubaren eskutik. Apirilean, Teatrachok Morir … o no morir lana aurkeztuko du Salburuko gizarte etxean; Azirkarte eta Arai Dantzak, berriz, Biok Batera zirku-sozial ikuskizuna, Ibaiondoko gizarte etxean. Maiatzeko ikuskizunei dagokienez, Auskalhopen El lobo, el funanbulista y el bosque encantado familientzako antzezlana Aldaben; Ipazapiren Atraco a las 9 Zabalganean; eta Juanjo Monagoren El asesino lana Ariznabarreko gizarte etxean.
Emanaldi guztiak igandeetan izango dira, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, eta antolatzaileek nabarmendu dutenez, “zorrotz beteko dira covid-19aren aurkako araudiak unean-unean ezartzen dituen osasun-neurri guztiak”.
Sarrerak, gaur, otsailak 9, jarriko dira salgai gizarte etxe eta kirol-instalazio guztietan, pilotalekuetan izan ezik, eta internet bidez (emanaldia hasi baino ordubete lehenagora arte).
Informazio liburuxka pdf formatuan.
Antolatzaileek iragarri dutenez, urritik abendura bitartean beste hamaika lan eskainiko dira programaren barruan.