Ikastetxeentzat izango da lehen emanaldi hori urriaren 31n, Soreasu antzokian.
Urriaren 31n abiatuko da Euskal Antzerki Topaketen 43. edizioa Azpeitian, ikasleekin egingo den saio batekin, eta azaroaren 23ra arte, hamahiru antzezlan ikusteko aukera izango da. Horiei eskola antzerkiaren programaren barruan eskainiko diren beste dozena bat antzezlan gehitu behar zaizkie. Topaketen azken egunean Ikusleen Saria banatuko dute.
Soreasun izango dira emanaldi gehienak, baina ostegunetakoak, formatu txikiagoan, Dinamoa sormen gunean eskainiko dituzte. Horrez gain, kalera ere aterako dira topaketak eta emanaldi bana izango da Sanagustin kulturgunean eta plazan.
Urte osoko lana
Antolatzaileek “ia hilabete batez Azpeitia euskal antzerkigintzaren erakusleiho bihurtuko den arren, urte osoan antzerkiaren bueltan herrian egiten den lana” ere azpimarratu dute. Kulturaz kooperatibak eskaintzen dituen sormen bekak dira horren adibideetako bat. “Sormen prozesuak ahalik eta modu osoenean babestea dugu helburu, eta sormen egoitzak burutzeko eskura ditugun bitarteko guztiak eskaintzen dizkiegu konpainiei”, adierazi du Garazi Lazkano Kulturazeko kideak.
Hauek izan dira aurten sormen egoitzak burutu dituzten konpainiak: Artedrama eta Axut! (Nor naizen baneki); Infinitu drama (Adarbakarra) eta Erika Olaizola eta Xanti Agirrezabala (Kaka). Topaketetan ikusi ahal izango dira lan horiek guztiak; eta, horrez gain, mediazio saioak ere eskaini dituzte: urriaren 31n, ikastetxeetako ikasleekin Axut! eta Artedramako kideek, eta azaroaren 20an, udal euskaltegiko ikasleekin Olaizolak eta Agirrezabalak.
‘Kaka’ antzezlana
Olaizolak eta Agirrezabalak AEK-Korrika kultur sorkuntzarako beka jaso zuten (Azpeitiko Udalaren laguntza ere bai ondoren) Kaka proiektuarekin, eta estreinatu eta egun gutxira iritsiko da obra Azpeitira. “Inork kakarik egiten ez duen mundu batean, eta kaka existitzen ez den mundu batean, herri bateko plazan kaka mokordo bat agertuko da. Thriller-komedia bat da, eta pixkanaka joango gara deskubritzen zergatik ez den kakarik egiten, zer gertatu den”, azaldu dute.
Bi aktoreak beste antzezlan batean ere ariko dira topaketetan: azaroaren 2an, Kamikaz kolektiboaren Renata lanean hain zuzen. “Komedia ganberro bat da, eta lau aktorek 36 pertsonaia antzezten ditugu ordu eta hogei minutuan”.
Gaztetxoentzako egitaraua
Gaztetxoengana iristeko ere ahalegin berezia egiten da Euskal Antzerki Topaketetan. Azaroaren 10eko astean, gaztetxoek antzeztutako hamabi antzezlan taularatuko dituzte; tartean izango dira Azpeitiko taldeak ere, 65 gaztetxok lantzen baitute antzerkia astez aste.
Gazteentzako eskaintzarekin jarraituz, azaroaren 14an, familientzako tailer bat eskainiko du Zurrunka teatroak, eta hurrengo egunean, Gure kanoa lana eskainiko du konpainia horrek berak. Era berean, itzalen tailerrak eskainiko dizkie eskola umeei.
Familiekin egingo den tailerra Dinamoan izango da, eta itzalen zenbait teknika landuko dituzte. Eskola umeekin ere gauza bera egingo dute, eta paisaiak landuko dituzte. Ikastetxeetatik joango dira Betharrameko erakusketa aretora.
Sarrerak, jada eskuragai
Sarrerak salgai daude antzerki topaketen webgunean (www.antzerkitopaketak.eus), 10 euro balioko du helduentzako sarrerak, eta haurrenak 5 euro. Dinamoko eta Sanagustineko emanaldien prezioa 8 euro izango da. Kultur bonuarekin, doakoak izago dira emanaldiak. Itzalen tailerra ere doakoa izango da, baina gonbidapenak hartu behar dira topaketen webgunean.
Euskal Antzerki Topaketen liburuxka