Parte hartu nahi dutenek abenduaren 5a baino lehen eman beharko dute izena l.oillarburu@communaute-paysbasque.fr helbidera idatzita.
Transmisioa, sorkuntza, elkar ezagutza eta trukaketa sustatzeko asmoarekin, Euskal Hirigune Elkargoak eta Axut! konpainiak antzerkigintza eta oro har artearen inguruko mintegi bat antolatu dute. “Lurraldetasuna kontutan hartuta, 16-25 urte bitarteko antzerki zale euskaldunen saretzea indartzeko xedea du Koska mintegiak”, azaldu dute. Izan ere, bi eragileek ondo dakite “libertimendua, maskarada edo kabalkada inguruko hitzorduetan gazteen sormen lanak indar eta oihartzun handia” izaten dutela”.
Hala, Koska mintegiak formakuntza praktiko bat proposatuko du: artistekin topaketak eta sorkuntza prozesu baten ezagutza. Horretaz gain, sorkuntza egonaldiak eta ikuskizunak ikusteko aukera izango dute mintegian parte hartuko dutenek.
Formakuntza 2021eko urtarrilaren 16tik eta 17ra eta maiatzaren 1etik eta 2ra izango da eta mintegiaren lekua parte hartzaileen arabera hautatuko dutela iragarri dute.
Sorkuntza egonaldia eta estreinaldiak:
2021eko urtarrilaren 18tik otsailaren 5era zehazteko dagoen data batean, Artedramaren Atzerrian lurra garratz obraz gozatzeko aukera izango dute gazteek Luhusoko Harri Xuri gelan. Otsailaren 20an, berriz, Axut! Konpainiaren Amua sorkuntzaren Larzabaleko egonaldian izango dira gazteak, eta azkenik, martxoaren 5 edo 6an Amuaren estreinaldia ikusteko beta izango dute. Bestalde, maskarada, libertimendu edo kabalkadak ere izango dira, betiere egutegiaren eta osasun egoerak duen bilakaeraren arabera.
Taldeak hamar eta hogei lagunen artekoak izan beharko dira eta izena abenduaren 5a baino lehen eman beharko da l.oillarburu@communaute-paysbasque.fr helbidera idatzita.
Informazio gehiago, hemen.