Azaroaren 5ean abiatuko da Bertsoaroa zikloa Iruñean

Bertsolaritza Iruñean sustatzeko asmoz, Nafarroako Bertsozale elkarteak Iruñeko Udalarekin batera, Bertsoaroa zikloa antolatzen du urtero. Aurten 29. edizioa du eta zortzi emanaldi eskainiko dira guztira azaroaren 5etik 26ra bitartean, “kalitatez eta beste diziplinekiko harremanean bertsoa publiko ezberdinengana eramateko”.

Nafarroako Bertsozalek iragarru duenez, bertsogintza ardatz duten askotariko emanaldiak bilduko ditu aurtengo Bertsoaroa zikloaren egitarauak, bertsoa publikoarengana molde ezberdinetan gerturatzeko asmoz. Oraingoan, gainera, bi estreinaldi jasoko dira: Lehena, Gorria, Miren Amuriza bertsolariaren eta Askoa Exebarrieta dantzariaren proiektua da, bertsolaritza eta flamenkoa lotzen dituena. Pasa den urtean Lanku beka irabazi zuen proiektuak (orduan, Tan takatan izenarekin), eta Iruñekoa izango da publiko aurreko lehen emankizuna. Bigarren estreinaldia berriz, haurrentzako Urpekakariak antzerki obra izango da. Lierni Hernandez eta Eneko Arrate aktoreek gorpuztuko dute Ane Labakak eta Miren Amurizak idatzitako istorioa.

Aurreko urteetan bezalaxe, Bertsoaroa ireki eta ixteko, punta-puntako bi bertso jaialdi ere izango dira eta baita bertsolari gazteen saio bat ere. Gainera, Koldo Izagirrek Bertsoaren harria bere azken liburua aurkeztuko du, bi bertsolariek lagunduta. Eñaut eta Unai Agirre anaiek, gainera, bertso musikatu sorta bat ekarriko dute, Iruñera egokitutako Auskalo zeinek jarriak emanaldiarekin, musikariak lagunduta, eta haurrentzako bertso tailer bat ere izango da.

Aldaketa gisara, aurten, Gurutze Plazako Instituaren ordez San Agustin kaleko Nafarroako Antzerki Eskolan egingo dira bi bertso jaialdiak. Bertako bi emanaldietarako gonbidapenak jaso beharko dira aretoan bertan, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik, eta bukatu arte.

Gonbidapenak beharko dira ere Kondestable Civivoxeko areto nagusiko bi emanaldietarako (hauek ere ordubete lehenagotik). Zikloko saio guztiak doakoak dira, salbu eta haurrentzako bi emanaldiak, 3 euroko sarrera izango dutenak.

 

Zabaldu: