(argazkia: Ibai Arrieta)

‘Azkena gure alde’ izeneko bira egingo du Hertzainak taldeak

Oraingoan Luis Javier Saiz Txanpi hasieratik taldearen bateria izan zenak ere parte hartuko du Josu Zabala eta Garirekin batera. Abenduaren 16an izango da aurreneko kontzertua Barakaldoko BECen eta urtarrilaren hasieran bigarrena Gasteizen.

Hiru urte pasa dira Josu Zabala eta Iñaki Garitaonaindia Gari Hertzainak taldeko abestiak berriro jotzeko elkartu eta Bilboko Kafe Antzokiko eta Euskalduna Jauregiko oholtzetara igo zirela. Harrera bikaina izan zuten eta handik eta gutxira zuzeneko diskoa ere argitaratu zuten. Publikoa eta beraien artean komunikazio itzela sortu zela nabarmendu zuten orduan eta horren ondorio izan zen kaleratutako disko hura.

Kontzertu horiek sorrarazitako emozioak zale gehiagorekin partekatzeko gogoa piztu zitzaien bi musikariei eta handik eta gutxira zuzeneko gehiago iragarri bazituzten ere, pandemiaren ondorioz bertan behera gelditu ziren. Taldeak adierazi duenez, “2019ko kontzertuak nostalgiarik gabe, inolako penarik gabe, poz handiarekin eta bizitzarekiko maitasun sakonarekin eskaini bagenituen, mundua inarrosi zuen pandemia baten ostean eta mundu mailako gerra hotsen artean, bizitzarekiko are maitasun handiagoaz eskainiko ditugu Hertzainaken kantak.

Orain taldearen 40. urteurrenarekin bat eginez, Bilbon bizitakoak Gasteizen ere bizitzea lortu behar dutela nabarmendu dute. “Bertan hasi zen dena eta bertan bukatzea zor diogu. Egin dezagun azkena gure alde, sortzen ikusi gintuen hirian. Horrenbeste merezi dugu bai Hertzainaken zaleek bai guk. Egin dezagun azkena gure alde”, adierazi du taldeak.

2019ko kontzertuekin alderatuta, emanaldi hauek are bereziagoak izango dira taldearentzat, izan ere, Zabala eta Gari ez dira bakarrik igoko taula gainera, Luis Javier Saiz Txanpi hasieratik taldearen bateria izan zena ere bertan izango da.

Euskaldunentzat zein erdaldun askorentzat erreferente

Gaur egungoengandik ezberdin baina oso antzeko, urte sano gatazkatsuetako soinu bandaren parte izan ziren Hertzainak taldekoak. Espainolez kantatzeko hautua egin zuten RRV legez ezagutzen den etiketa osatu zuten talde gehienek. Hertzainakekoek ez. Gasteiz oso erdaldun batean, punkiak izateko ezinbestean euskaraz kantatu behar zutela erabaki zuten, hein handi batean, lagun eta inguruko erdaldunek behartuta.

Euskaldunentzat zein erdaldun askorentzat erreferente bihurtu zituen hautu horrek, eta taldearen kantagintzaren arrastoa, eragina edota zantzoak, 2022an kantagintzan euskaraz ari diren talde batean baino gehiagotan igarri daitezke. Bai hizkuntzaren hautuari dagokionez, bai hautu estetikoari dagokionez, bai jarrerari dagokionez.

Punk jarrerak aurrekoaren eta ordukoaren kontra egitera bultzatu zituen. Sistema ororen aurka. Eta era berean, halabeharrez, katebegi bihurtu ziren, aurrez euskaraz kantatzeko hautua egin zutenen eta gaur egun euskaraz kantatzeko hautua egin dutenen artean.

“Oroitzapenen berpizte kolektibo bat izango dira emanaldiak. Orduko porroten eta gaurko lorpenen balantza bat. Orduko lorpenen eta gaurko porroten gorazarre bat. Izan ere, 2019ko Euskaldunako eta Kafe Antzokiko kontzertuak bizi izan zituztenek sentitu zuten, kanta askok, 30 urte beranduago, zeresana dutela, kanta haiek gaur ere badirela, korapilo askok askatu gabe dirautelako, arazo asko konpontzeke ditugulako eta gaur garen orduko haiek jakitun garelako. Aspaldion askoren ahotan dagoenarekin bat eginez, transmititu dezagun euskarazko kantagintzaren historia eta oraina biharkoek euskaraz kantatzeko hautua egin dezaten, euskarazko kantagintzak luzaroan bila dezan bere bidea”.

Abenduaren 16an izango da aurreneko kontzertua Barakaldoko BECen “milaka lagun bilduko dituen gaua izatea nahiko genuke, horregatik aukeratu dugu ezustekoz beteriko emanaldi gogoangarri bat eskaintzeko moduko aretoa”. Urtarrilaren hasieran izango da bigarrena Gasteizen, “bilduagoa izatea aurreikusten dugu, lagunarteko agur ospakizun bat. Horretarako aproposa den aretoa hautatu dugu, gure aldeko azkena eskaintzeko neurrikoa”, adierazi du hirukoak.

Talde gonbidatuak eta ezustekoak

Bi emanaldiotan, hainbat musikarik parte hartuko dute bai Hertzainaken emanaldien aurretik bai bitartean.

Sarrerak urriaren 5ean goizeko 11:00etan jarriko dituzte salgai www.hertzainak.eus webgunean.

Zabaldu: