Azpeitiako XXXVI. Euskal Antzerki Topaketak hasi dira

Aurtengo Azpeitiako Euskal Antzerki Topaketa berezia izango dela iragarri dute arduradunek. Antzerki Topaketetan parte hartuko duten zuzendari zein aktore askok egon nahi izan dute aurkezpenean, eta Josu Labaka kultura zinegotziak ondoan izatea eskertu nahi izan die: “Baina gaur hemen egoteaz gain, egunero egunero kulturaren eta euskal antzerkigintzaren alde egiten duzuen lana eskertu nahi dizuet.

Azpeitiko Udalak bestalde, euskal antzerkigintzaren aldeko apustu sendoa egiten duela berretsi nahi izan du: “Azken urteotan beste hainbat erakundetatik jasotzen ditugun laguntzak gutxitu edo izoztu zaizkigu, baina aurten ere Tetris-a osatu dugu lan handia eginez, eta ahalegin ekonomiko berri bat eskatu badigu ere, punta puntako antzezlanak ditugu gurean. Sortzaileok babestea da gure asmoa, horretarako plaza duinak eskainiz”, azpimarratu du.

Antzerki Topaketen sortzaile eta sustatzaile nagusiak inoiz baino presenteago daude aurtengoan. Izan ere, Imanol Eliasek idatziriko Matxinada herri antzerkia ireki ditu Topaketak: “Herri proiektua da matxinadarena, herritir sortua, herritarrek landua, eta herritarrek taularatua. Elkarlan handi baten emaitza izango da, eta Antzerki Topaketen abiapuntua altu jarriko du. Atzetik datorrena ere, ez da nola nahikoa, ordea”, gaineratu du.

Ondoan, Itziar Oiartzabal Matxinadaren aktoreetako bat eta Eliasen alargunak hartu du hitza: “Imanol dagoen tokian dagoela gustura, zoratzen izango da. Baina niretzat gazi gozoa izango da. Pozik obra taula gainean izango delako, baina triste, Imanol faltako zaigulako”, azaldu du. Xabier Gantzarain Kultur Mahaiko ordezkariak eta Unai Franzesena Udal Musika Bandako zuzendariak Eliasek idatzirik zuen obra hartatik gaur egungo obrarako ibilbidea azaldu dute.

Azken urteotan, sormen prozesuen inguruan lanketa handia egin da herrian, eta aurtengo Antzerki Topaketak horren isla dira. Izan ere, taularatuko diren antzerki guztien artean, hiru Azpeitian sortuak dira: 7ak bat, Inondik Inora eta Txarriboda.

Horretaz gain, lehen aldiz, sormen astea egingo da azaroaren 5etik 9ra bitartean. 5 eta 6an, Oier Guillan eta Jabier Barandiaranek gidatuta Tartean dauden gorputzak ikastaroa eskainiko da. Azaroaren 8an, 20:00etan, plazan Maita(k) ale borroka, eta 21:00etan Sanagustinen Kronopia mikroantzerkiak ikusteko aukera izango da. Bukatzeko, 9an, Kulturaz Sormen antzerki egonaldien deialdia irekiko da.

Egitaraua hemen.

Zabaldu: