Edozein eratako irudien gainean hitz egitea da ekimen berri honen asmoa: artelanak, argazkiak, iragarkiak, aldizkari edo liburuen azalak, afixak, filma zatiak, memeak, GIFak… Irudiei buruz hitz egitea da kontua, eta irudia pentsatzea.
Azpeitiko Dinamoak ekimen berri bat jarri du martxan: Ikusle Taldea. Azaldu dutenez, irakurle talde ugari daude han eta hemen, baina irudiari buruz hitz egiteko biltzen den talderik ez, eta proba egin nahi izan dute. “Irudiak dena hartu du aspaldian: dena da irudia, eta denean dago. Ikusizko Orden Berrian bizi gara arte teoriko batzuen ustez. Ezin da ukatu irudiz gainezka daudela gure eguneroko bizitzak, eta irudi bitartez komunikatzen garela geroz eta gehiago. Irudian bizi gara eta irudiak bizi gaitu”, azaldu dute Dinamoko kideek.
“Ezingo genuke ulertu XXI. mendea irudiaren hedatzerik gabe. Argazki (eta bideo) kamera bana daramagu aldean, eta argazkiz beteta daude gure telefono (ez hain) inteligenteak. Argazkiak jada ez dira albumetan gordetzen, telefonoen memorian galtzen dira… Paradoxa dirudi, baina gaur inoiz baino beharrezkoagoa eta zailagoa da irudi bat sortzea, eta zer esanik ez iruditeria bat sortzea. Garai eta leku bateko jendeari zer edo zer esango diguten irudiak sortzea da zaila, eta horregatik beharrezkoa. Irudiaren gainean hausnartzea ezinbesteko bihurtu zaigun bezala.
Irudia tresna potentea da, izugarri indartsua, eta irudiaren ahalaz gogoeta egitea tokatzen zaigu, baina baita irudiaren azalaz ere: nola egiten da irudi bat, nola eraikitzen, nola irakurtzen, zer ikusten dugu hor, nola ikusten gaitu irudiak… Eta nola jartzen dira irudiak zirkulazioan, non galtzen dira, non pausatzen, nola eusten diote denboraren joanari, nora joaten dira inork ikusten ez dituenean…”
Ekimenaren sustatzaileentzako begiratzea eta ikustea bi gauza desberdin dira. “Batzuetan ez diegu begiratu ere egiten irudiei, besteetan begiratu gabe ere ikusi egiten ditugu”, diote. Taldean mutur batetik besterako tarte hori da lan egiteko izango duten lekua, eta baita irudiek pentsatzeko zein funtzio betetzen duten jakitea ere.
“Irudiak dena hartu du aspaldian: dena da irudia, eta denean dago. Irudiak sortzea inoiz baino errazagoa da, auskalo zenbat egiten ditugun egunero, ohartu gabe; prozesua azkarra da, automatikoa kasik. Dinamoko irudiaren eremua automatismo hori deseraikitzeko lekua da, eraikiz deseraikitzeko, prozesua aztertzeko, moteltzeko, geldotzeko, gelditzeraino. Irudiaren barrunbeetan arakatzeko, hankaz gora jartzeko, mundua bere horretan emango duten irudiak baino irudia bere horretan emango duen mundu bat egiteko”.
Horretarako antolatu dute Ikusle Taldea. Edozein eratako irudien gainean hitz egitea da ekimen berri honen asmoa: artelanak, argazkiak, iragarkiak, aldizkari edo liburuen azalak, afixak, filma zatiak, memeak, GIFak… “Irudiei buruz hitz egitea da kontua, eta irudia pentsatzea”.
Edozeinek parte har dezake talde honetan; “ez dago izena eman beharrik, baina dena eman behar da”, nabarmendu dute. Hilean behin bilduko dira Azpeitiko Dinamoan, azken asteartearekin, irailean hasita. Lehen hitzordua, beraz, irailaren 29an, 19:00etan izango da.