Lehen aldiz euskal artista bat izango da hitzordu honetan, eta bere proiektu esanguratsuenen remake prozesu batetik abiatutako instalazio bat aurkeztuko du. Berlingo Bienalaren 11. edizioak irailaren 5ean zabalduko du erakusketa-aldia; eta gizartea banatzen duten barne-arrakalak izango ditu ardatz, The Crack Begins Within izenpean.
Larunbatean irekiko ditu ateak 11. Berlingo Bienalak, nazioarteko pandemiaren ondorioz atzeratu ostean. Aurtengo edizioa azaroaren 1era arte luzatuko da eta 50 artista baino gehiagoz osatutako egitarau horren parte izango da, besteak beste, Azucena Vieites (Hernani, 1967). Euskal artista baten lehen partehartzea izango da Berlingo Bienalean.
Etxepare Euskal Institutuaren arabera, Vieitesek bere aurretiazko proiektuen remake prozesu batetik abiatutako instalazio bat eramango du Berlinera; Coloring Book, Fundido Encadenado eta Break Out of your Shell izeneko lanetakoak, hain zuzen. Lehenak haurrek duten espresatzeko eta munduari begiratzeko moduarekiko interesari egiten dio erreferentzia; bigarrenak irudikapenaren gaiari heltzen dio, egunerokotasunaren alderdi ludikotik eta fantasiatik; eta azkenak, aldiz, estetika azpikultural bati lotutako lengoaian eta fanzine feministek praktika artistikoaren eta edizioaren artean lantzen dituzten Do It Yourself ekoizpen moduetan sakontzen du.
Bere obra Berlingo KW Arte Garaikidearen Institutuko beira-arasetan egongo da ikusgai. Serigrafia, inprimaketa digitala eta collage formako emaitzek artistaren lanarekiko begirada berritzailea erakutsiko dute.
Aktibismoa
Vieitesek hainbat erakusketa egin ditu dagoeneko; hala nola Hey Baby!, (Casal Solleric, Palma, 2018); Woollen Body (Carreras Mugica galeria, Bilbo, 2015) edota Tableau Vivant (Reina Sofía Museoa, Madril, 2013). 90eko hamarkadan abiatu zuen bere ibilbidea eta ordutik hona, proiektu eta erakusketa kolektibo ugaritan parte hartu du. 1994an Erreakzioa kolektiboa sortu zuen Estibaliz Sadaba eta Yolanda de los Bueis artistekin batera, praktika artistikoaren eta pentsamendu feministaren arteko proposamenak garatzeko asmoz. Kolektiboaren proiektuen artean, hamar fanzineren edizioa (1995-2000) edota Solo para tus ojos. El factor feminista en relacion a las artes visuales (Arteleku, 1997) bezalako mintegien zuzendaritza nabarmentzen dira.
Marrazkiaren, collagearen eta apropiazioaren etengabeko birlanketa bisuala erabiliz, Vieitesen lanak narrazio eta ezagutza-produkzio ez-linealen adierazpen-ahalmena aztertzen du. Bere lanak hainbat gairi buruzko gogoeta kritikoa egiten du, hala nola sorkuntza estetikoa beti testuinguru sozial eta ekonomiko jakin bati lotutako prozesu gisa hartzea, edo egungo kultur irudikapen askotan irauten duen logika bitarra apurtzen lagunduko duten diskurtso-estrategiak sortzeko beharra. Bere praktika artistikoan, Vieitesek aktibismo feministarekin eta queer-arekin lotura estua izan du beti.
2004an Gure Artea saria eman zion Eusko Jaurlaritzak, Ibon Aranberri eta Iñaki Garmendia artistekin batera. 2019an egin zuen bere doktorego tesiaren irakurketa: Practicas artisticas low-fi. Una aproximacion al contexto vasco (1985-2005). Egun irakasle elkartua da Madrilgo Complutense Unibertsitateko eta Salamancako Unibertsitateko Arte Ederren fakultateetan.