(argazkia: AEK)

#badon proiektuak irabazi du Korrika-AEK Kultur sorkuntzarako beka

Olatz Salvador eta Ines Osinaga  musikariak izan dira proiektuaren ordezkari gisa gaurko aurkezpenean, eta bideo baten bidez, haiekin batera arituko diren gorputz konplizeen aurpegiak azaldu dira.

Joan den urtarrilean amaitu zen proposamenak aurkezteko epea, eta, azken hilabeteetan, aurkeztu diren hamahiru egitasmoak aztertu ondoren, gaur epaimahaiaren esleipena ezagutzera eman du AEK-Korrikak. Azaldu dutenez, “oso maila oneko hamahiru egitasmo aurkeztu dira”. Epaimahaiaren lana zaila izanik ere, AEK-Korrika oso pozik geratu da bekak izan duen harrerarekin. Hauek izan dira kultur sorkuntzarako bekarako parte hartu duten epaimahaikideak: Maria Rivero, Amaia Merino, Aguxtin Alkhat, Yurre Ugarte eta Irantzu Lekue.

Aho batez hartutako erabakia izan dela azpimarratu dute, eta aintzat hartu dute proiektuak sorkuntza prozesuari emango dion garrantzia, sormen-laborategi kolektiboa sortuta. “Ikuskizun bat egongo bada ere, harago doan proposamena dugu eskuartean, oinarri bat utzi nahi duelako aurrera begira lantzen jarraitzeko, markoak eraikitzeko eta prozesuak bultzatzeko. Hori gutxi balitz, orain arte ertzetan egon diren ideiak, ahotsak, gorputzak eta abar erdigunera ekartzeko proposamena egiten du”.

#badon proiektuak diziplinarteko hausnarketa artistiko kolektiborako sormen laborategi bat proposatzen du. “Euskal literatura, musika, arte plastiko nahiz irudizko, antzerki, dantza eta bestelako adierazpenen inguruan gorpuztuko da bidea, artista garaikide desberdinek, diziplinen arteko zubiak eta elkarlanak bultzatuz. Euskal kulturaren transmisiorako egitasmo sendoak eraikitzea da erronka, horretarako eragile desberdinak saretzeko egiturak harilkatuz”, azaldu dute. “Gu egiten gaituen hori ez dela neutroa, iritsi zaizkigun kultur erreferentziek gizarteko botere harremanak islatzen baitituzte” aintzat hartuta, besteak beste, xedea du genealogia kulturala errebisatzea, zalantzan jartzea eta osatzea.

Adierazi zen bezala, AEK-k, Korrika kulturalaren bidez, lan bat sarituko du bi urterik behin; bekaren xedea da euskal kulturaren baitako sormen-lanak bultzatzea, eta, 23. Korrikatik aurrera, Korrika kulturaleko ekitaldi nagusia taxutzea. Beka 23.000 eurokoa izango da, eta 23. Korrikako  kulturaleko egitarauaren barruan aurkeztuko da, 2023ko azarotik 2024ko apirilera, hain zuzen.

Zabaldu: