Hamabigarrenez, euskal kultura garaikidea ezagutzeko, ospatzeko eta berritzeko parada izango da martxoaren 9tik 28ra bitartean, Bilbon.
Martxoan zehar, Bilbo osoa plaza bilakatuko da Loraldia festibalari esker. Baga, biga, higa, Maurizia! lelopean, jaialdiak garai konplexu baten erdian sormenaren etxea ireki eta iruditeria berriak ehuntzeko gonbita egin du: ahots berriak eta erreferenteak elkartu, tradizioa gaurkotu, eta lengoaia artistikoetan esperimentatu, betiere transmisioa eta komunitatea ardatz hartuta.
Aurtengo edizioak 25 jarduera bilduko ditu martxoaren 9tik 28ra, eta Bilboko hainbat espazio lotuko ditu: Arriaga Antzokia, Bira Kulturgunea, Kafe Antzokia, Alondegia, Guggenheim Museoa, Sociedad Filarmonica, Bizkaia Aretoa, Itsasmuseum, La Fundicion, Euskalduna Jauregia, Bidebarrieta Liburutegia, Elkar denda… eta naturara ere iritsiko da Arraitz mendira.
Antolatzaileen esanetan, “Loraldiaren apustua argia da: diziplinen arteko gurutzaketa (musika+poesia, literatura+zinema, dantza+ahotsa+soinua, esperientzia murgiltzaileak) eta formatu bereziak eskaintzea, publikoa beste modu batean hunkitzeko eta pentsarazteko”.
Ekoizpen propioak
Loraldiak egitarau oparoa prestatzeaz gain, sortu eta ekoitzi ere egiten du, euskarazko kulturaren transmisiorako formatu berriak aktibatzeko eta gaurko sorkuntzari plaza emateko.
Hala, edizio honetan, bost ekoizpen/formatu propio nabarmentzen dira bereziki: Ikimilikiliklik Vol.2, formatu handiko ikuskizun eszenikoa; Appa Maurizia, esperientzia murgiltzaile kolektiboa, sorkuntza digitalaren mugan; eta Loraldiaren ibilbidean “klasiko” bilakatu diren hiru proposamen: Ahaztu nirekin, Bozak eta Goroldiorik ez (III).
Egitarau osoa ikusteko, hemen.
Lorazainak eta Lorazain Eguna
Lorazainak Loraldiaren komunitate-sarea dira: gaur egun 4.600 lagun baino gehiagok osatzen dute. Loraldia Festibalaren edizio bakoitzean, jaialdiak programazioko ekitaldi bat aukeratzen du Lorazain Eguna ospatzeko, komunitateari eskerrak emateko eta euskarazko kultur kontsumoa sustatzeko. 2026an, ekitaldi hori Maitasuna ez da nahikoa izango da: Lorazainentzat sarrera doakoa (aurrez erreserbarekin). Mari Luz Estebanek idatzitako testu bat Amoranteren musikarekin eta Itziar Garaluceren ikus-entzunezkoekin josiko da.