‘Bagare. Arabako kultura estrategia euskaltzaleak sustatzeko ikerketa beka’ martxan da

Deialdira aurkezteko epea 2025eko azaroaren 3ra arte egongo da zabalik.

Gasteizko Izaskun Arrue Kulturguneak Bagare. Arabako kultura estrategia euskaltzaleak sustatzeko ikerketa beka deialdia abiatu du. Egitasmo honekin, lurraldeko euskararen normalizazioan eta biziberritzean eragina izango duten estrategia kulturalak eraikitzen lagunduko duen ikerketa bat diruz lagundu nahi da.

Hala, Arabako euskararen biziberritzearen egoera zehatza eta haren berezkotasunak abiapuntu hartuta, deialdiak euskararen eta euskal kulturaren arloetan ikerketa bat sustatzearen helburuari heltzen dio. Hori dela eta, Euskal Herriak bizi, lan egin edo ikasten dutenen ikerketak bilatuko dira. Ikerketaren ondorio gisa, etorkizun hurbil batean euskal kulturak Araban izan ditzakeen sustapen estrategiak, aplikazio metodologiak, programa proposamenak edo begirada berritzaileak proposatu beharko dira.

Kontuan hartuko dira euskarazko kultur sorkuntza sustatuko dituen estrategiak ikertzea; euskararen erabilera bultzatzeko eta aberasteko kultur arloko estrategiak garatzea; Gasteizko eta Arabako euskarazko kultur adierazpideei erakusleihoak eskaintzeko estrategiak ikertzea; euskal kultura sorkuntza ikertzea; eta Gasteiz eta Araba, haren berezkotasunak barne-hartuz, Euskal Herri barruko lurralde zehatz gisa aztertzea.

Ikerketa deialdira aurkezteko epea 2025eko azaroaren 3ra arte egongo da zabalik eta hautatzen den ikerketa proiektua garatzeko ordainsariak 4.000 euroko zuzkidura izango du, ikerketa sei hilabeteetan garatu behar delarik.

Deialdian parte hartzeko oinarriak, hemen.

Zabaldu:

Utzi erantzuna