Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzen duten entitateek apustu bat egiten dute, haien lanaren bidez, haratago joatea erabaki dute, euskaraz lan egin eta eroso bizi ahal izateko.
Bai Euskarari elkarteak euskararen erabilera areagotzeko lan handia egiten ari diren hiru entitate saritu ditu aurten: Hupi, Errigora eta Sorland. Donostiako Miramar jauregian egin da sari banaketa eta Albina Stardust-ek egin ditu aurkezle-lanak. “Askotan haizea kontra izanda ere, beldurrik gabe eta ausardiaz, beraien egunerokoan euskara txertatzen ari diren hiru entitate saritu ditugu; inguruan eragiten dutenak, kontra egon litekeen haizea, aldeko haize bihurtzeraino”, azaldu dute.
Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzen duten entitateek apustu bat egiten dutela adierazi dute elkarteko kideek, “haien lanaren bidez, haratago joatea erabaki dute, euskaraz lan egin eta eroso bizi ahal izateko. Urtez urte urratsak egitera engaiatzen dira, euskarari espazio berriak irekitzeko gogoarekin eta beharbada ohituraz erdaldunagoak diren eremuetan euskarari merezi duen tokia ere ematen diote, ausardiaz”.
Rober Gutierrez, Leire Luengo eta Amaia Atxukarrok Bai Euskarari Elkartearen plan estrategiko berriaren nondik norakoak azaldu dituzte. Gutierrezek azaldu duenez, “plan horretan lantaldeari garrantzi handia eman diogu, bere ongizateari eta bere proiekzio publikoari. Uste dugu aberasgarriagoa dela zuekin partekatzen ditugun espazio hauetan gure lantaldeari plaza eskaintzea”. Hala, gaurko ekitaldian lan-taldeak ere protagonismoa hartu du.
Entitate sarituak
Hupiri sdagokionez, “guztiz erdalduna den sektore batean euskarari leku egiten ari dira sortu zirenetik, euskara beraien DNA-n dagoela diote, harrotasunez. Orain hain bogan dagoen adimen artifizialarekin lanean dihardute aspalditik, Ipar Euskal Herrian eta baita Hego Euskal Herrian ere. Bidarten eta Donostian dituzte bulegoak”. 2021ean eskuratu zuten ziurtagiria eta euskararen erabileraren aldeko aurrerapausoak ematen ari dira. Irati Rodriguezek eta Romain Roquefèrek jaso dute saria.
Errigorako lagunak “euskarari bultzada emateko lanean ari dira, bai Nafarroa hegoaldeko euskalgintzari zuzeneko diru-ekarpena eginez, bai zonaldean euskarak espazio berriak irabaz ditzan lan eginez. Haien baloreek errekonozimendua merezi dute: euskara, auzolana, elikadura-burujabetza”. 2021etik dute Bai Euskarari Ziurtagiria. Xanti Kirogak jaso du saria.
Sorlandeko kideek Bai Euskarari Ziurtagiria sortu zenetik dute Zerbitzua eta Lana euskaraz ziurtagiria. “Zerbitzua euskaraz eskaintzen dute, lan euskaraz egiten dute eta, gainera, euskara ikusarazteko hainbat kanpaina egin izan dituzte urte hauetan guztietan. Leloak euskaraz ere sortu daitezkeela erakutsi dute eta, gainera, produktu edo marka bati Euskal Herrian ikusgarritasuna emateko ezinbestekoa dela euskara erabiltzea”. Gorka Barruetabeñak jaso du saria.