(argazkia: Aingeru Gorrotxategi)

Bakarkako ibilbideari berriro ekiteko asmoz, ‘Soberan’ kanta eta bideoklipa aurkeztu ditu Aingeru Gorrotxategik

Abesti berriak jokoarekiko menpekotasuna jorratzen du, beste menpekotasun batzuekin alderatuta oso gutxi aipatzen den drama soziala dela dio musikari donostiarrak.

Ludopatiaren gaiari heldu dio Aingeru Gorrotxategik bere kanta berrian, denbora luzez bakarkako lanik argitaratu gabe egon ostean. Musikari donostiarrak azaldu duenez, “Soberan jokoarekiko menpekotasuna jorratzen duen abestia da, beste menpekotasun batzuekin alderatuta oso gutxi aipatzen den drama soziala”.

Horretarako, Gorrotxategi soinu berri batekin itzuli da, kantautorearen esentzia eta soinu hiritarrak uztartuz. Gitarra akustikoa eta ahotsa alde batera utzi gabe, sample eta sintetizadore ezberdinetan oinarritutako erritmoak gehitu dizkio kantari, bere esentzia garai berrietara egokituz. “Hauxe da ibilbide berriaren lehenengo kantua” kontatu du donostiarrak, baina ez dira kantu guztiak hain gogorrak izango, izan ere, udako abesti bat prestatzen ari dela aurreratu du musikariak.

Abestiarekin batera Barakaldon grabatutako bideoklipa argitaratu du. “Banuen aspalditik gogoa drama honi buruz hitz egiteko eta informazioa lortzeko asmoz Ekintza Aluviz elkartearekin harremanetan jarri nintzen eta hasieratik jaso dut euren laguntza”. Hala, bideoklipa Barakaldoko kaleetan ez ezik, elkartean ere grabatu dute eta ludopatia menpekotasuna pairatzen duen pertsona baten prozesua irudikatzen du.

Hamar urte igaro dira Aingeru Gorrotxategik Bueltaka, bere bakarkako azken lana, aurkeztu zuenetik. Ordutik beste proiektu batzuetan murgilduta ibili da musikaria, hala nola, Euskal Herriko historian oinarritzen den Lur Barnea folk rock taldean. Hala ere, urte hauetan hainbat kantu eta kontu bildu ditu eta bakarkako proiektuari berriro heltzeko gogoa zuela aitortu du donostiarrak.

Zabaldu: