Iaz berreskuratu zuten aratuste herrikoia Bakion, eta aurten ere segida izango du ospakizunak, martxoaren 8an.
Anarru Egunaren ohitura ikasleen artean ezagutzera emateko asmoz, unitate didaktibo bat ekoitzi du Bakioko Udalak. Hala, ariketaren eta jolasaren bidez herriko historian murgiltzeko aukera eskainiko du. June Markaida bakiotarrak sorturiko unitatea da eta Itxas-alde dantza taldeak eginiko ikerketa dauka oinarrian. Lehen hezkuntzan lantzeko moduko ariketak biltzen ditu: memoria-jolasak, koloreztatzeko txantiloiak, irakurgaiak, ulermen galderak, gurutzegramak… Gainera, irakasleei zuzendutako giden atal bat ere badauka.
Bakioko tradizioan oinarrituta, aratuste herrikoiak berreskuratu zituzten iaz herrian. Izan ere, Itxas-Aldek urtero Euskal Herriko inauteriren baten eszenaratzea egin ostean, Bakioko historian arakatzen hasi eta konturatu ziren herrian bertan ere bazegoela aratusteak ospatzeko ohitura berezi bat: anarruena. Herrian anarruak irteten ziren kalera, baserri eta auzoetako bideetara, iluntasuna lagun. Azaldu dutenez, “antzinean ‘anarru’ hitza ‘mozorroa’ izendatzeko erabiltzen zen, eta herriko aratusteetako pertsonaia nagusiari ere ‘anarru’ deitzen zitzaion. Berba horrek badu berezitasuna, Bakion bakarrik erabili izan delako”.
Pasa den urteko Anarru Egunak harrera ona izan zuen eta aurten errepikatzea erabaki dute. Hitzordua martxoaren 8an izango da, “17:00etan kalez kale ibiliko gara antzezpenean eta jai giroan, eta ostean erromeria egongo da Enderika plazan”.
Gainera, hainbat anarru edo mozorro aukera daudenez, domeka honetan, hilak 23, horiexek prestatzeko tailerra eskainiko dute Ibarretan, 11:30etik aurrera. Hurrengo erreminta eta materialak ekartzeko deia egin dute: artaziak, bala haria, zaku tela, lastozko txanoa, zintzarriak, narru zatiak, eta oihal zuria.