Bleda Insipida konpainiaren ‘Last triggers’ pieza

Baratxinto Fest Pirinioetako Arteen Jaialdia irailaren 26tik 28ra egingo da, Erronkarin, Burgin eta Uztarrozen

Antzerkia, musika, zirkua, artea, poesia eta dantza uztartzen ditu jaialdiak.

Erronkari, Burgi eta Uztarroz herriek Baratxinto Fest Pirinioetako Arteen Jaialdiaren bosgarren edizioa hartuko dute irailaren 26tik 28ra bitartean. Goitibera antzerki konpainiak eta Erronkariko Udalak antolatu dute jaialdia eta adierazi dutenez, “asteburuan zehar antzerkiak, musikak, zirkuak, arteak, poesiak eta dantzak Nafarroako Pirinioetako gune idiliko honen kaleak artez beteko dituzte, hamar jarduera baino gehiagorekin”.

Jaialdia, hilaren 26an, ostirala, abiatuko da bi zirku piezarekin. N+1 konpainiaren Circanelo lana izango da lehena, eta hainbat diziplina nahasten ditu: keinu-antzerkia, dantza edota akrobazia. Arratsaldeko 19:00etan izango da, Burgin. Ondoren, aurten jaialdiaren egoitza artistikoa egin duen Bleda Insipida konpainiak Last triggers pieza taularatuko du, 20:30ean, Erronkarin.

Bigarren eguna, irailak 27, Idoia Zalgizuri eta Ana Arenazaren Basoan muralaren aurkezpenarekin hasiko da 11:00etan, Uztarrozeko plazan. Ondoren, Zanguango Teatroren El peor espectáculo del mundo. De momento!!! antzezlanaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Umore absurduaz, samurtasunez eta kritikaz beteriko pieza, sinpletasunaren bidez porrotari eta izaki “baztergarriei” egindako omenaldi gisa aurkeztu dute obra. 14:30ean Erronkariko Errota Elkartean herri bazkaria egingo da. Arratsaldean, berriz, gaurkotasuna eta umorea uztartuz, Barsanti antzerki konpainiak Legea gu gara eskainiko du 18:00etan pilotalekuan. Eguna musikarekin amaituko da Lupita la ingrata y el tierno desaborio taldearen antzerki-kontzertuarekin 19:30ean, Erronkariko Errota Plazan.

Igandea, irailak 28, Oihane Zuberoa Garmendiaren Palabras txorroteras errezitaldi poetikoarekin hasiko da 11:30ean Portazabalean (Erronkari). Ondoren, 12:00etan, Trapu Zaharra konpainiak Dale Ramon azken lana aurkeztuko du Erronkariko Frontoian. Zuzeneko lehiaketa bati buruzko emanaldi komikoa da, eta Ramon lehiakideak hainbat proba egingo ditu, bertaratutako ikusleek animatuta eta lagunduta. 13:30ean, Erronkariko Presan, Unai Zocok Volveran murala aurkeztuko du eta DJ Osok girotutako bermutak itxiko du jaialdia.

Egitaraua osorik ikusteko, hemen.

Zabaldu:

Utzi erantzuna