‘Basque misreadings. BERRIAn gaizki irakurriak’ erakusketa, Gasteizen

Edu Zelaieta idazleak eta Eneko Ugarte marrazkilariak osatutako erakusketa Oihaneder Euskararen Etxean egongo da ikusgai, otsailaren 7tik aurrera.

Berria egunkarian gaizki irakurritako albisteekin erakusketa osatu dute Edu Zelaieta idazleak eta Eneko Ugarte artistak, biak ala biak gasteiztarrak. “Elkar elikatu dute artistek, eta Berria egunkaritik jan eta edan oturuntza ederra erditu arte”.

“Basque misreadings: halakoak gertatu dira, halakoak gertatu zaizkie”, diote eta horien berri eman nahi dute; lehenik, Ane Gebara eta Beñat Goitia gonbidatu gisa izango dituen inaugurazio ekitaldi diziplinarteko baten bidez; ondoren, Oihanederren ikusgai eta jostagai egongo diren piezen bidez.

“Urteak dira Berria egunkaria etxean jasotzen dugula, paperean nola pantailan. Eta urteak dira, segur aski, zenbait lerro gaizki begietaratzen ditugula. Badirudi gure gogoak jostatzeko asmoa duela hitzekin, eta gaizki irakurritako horiei, akatsei, etekina atera nahi diela”, azaldu dute Zelaietak eta Ugartek.

Bikote artistiko gisa, zenbait lan aurkeztu dituzte Ugartek eta Zelaietak azken urteotan: Idazleak ondutako Ispilu biluziak (Pamiela, 2016) liburuan oinarrituta, poesia eta pintura uztartzen dituen performance-a; Amets anfibio (Ibaizabal, 2018) haurrentzako liburua, Zelaietak idatzia eta Ugartek ilustratua, eta elkarrekin idatzi eta ilustratutako Mundutik mundua (Pamiela, 2019) liburuan oinarrituta, literatura eta marrazketa uztartzen dituen performance-a.

Erakusketa Oihaneder Euskararen Etxean egongo da ikusgai, otsailaren 7tik 23ra, asteartetik ostiralera (17:00-20:00), larunbatetan (11:00-14:00 eta 17:00-20:00) eta igandeetan (11:00-14:00).

Zabaldu: