Skabidean taldea

BatBatean jaialdia jaio da Gasteizen, Euskal Herri osoko gazteak elkartzeko xedez

Lehen edizioa maiatzaren 15ean eta 16an egingo dute Mendizabaleko aparkalekuan. Antolatzaileen esanetan, egitasmoak “proposamen fresko eta indartsua” ekarriko du, pop rock, rock, punk, elektronika eta rap estiloak uztartuz.

Gasteizko Jimmy Jazz aretoak BatBatean jaialdiaren lehenengo edizioa antolatuko du 2026ko maiatzaren 15ean eta 16an Mendizabaleko aparkalekuan. Gazteei zuzendutako musika hitzordua izango da eta 21 talde eta 5 DJ arituko dira bertan: Añube, Apotheke, Brigade Loco, Bull Brigade, Etxepe, Hell Beer Boys, Hofe, Jarfaiter, La Elite, La Txama, Lukiek, Metrika, Nafarroa 1512, Nerve Agent, Roy Ellis, Safu, Santa Salut, Segismundo Toxicomano, Skabidean, Tatta eta Xiberoots taldeak eta Carlos Perez, K-Style, Malakias Mx3, Malandro eta Rosa Mari disko jartzaileak. Kartela osatzeko falta diren izenak urtarrilean emango dituzte ezagutzera.

Antolatzaileek adierazi dutenez egitasmoak “proposamen fresko eta indartsua” ekarriko du, pop rock, rock, punk, elektronika eta rap estiloak uztartuz, eta Euskal Herriko zein beste herrieldetako artista berriak eta izen ezagunak bilduz.

Bi agertoki izango ditu eta baita karpa handi bat eta musika modu eta giro ezberdinetan entzuteko hainbat gune ere. Helburua da “Arabako eta Euskal Herri osoko gazteriarentzat eta inguruko bisitarientzat topagune berria sortzea, eskaintza zabal eta gertukoa oinarri hartuta”.

Lehen edizio honetarako sarrerak abenduaren 16an jarriko dira salgai, www.batbatean.eus webgunean, 10:00etatik aurrera.

Zabaldu:

Utzi erantzuna