Martxoaren 9an hasi eta apirilaren 8ra bitartean, herriz-herri ibiliko da euskarazko film laburren zirkuitua. Bost astetan, beraz, 33 herri bisitatuko ditu.
Martxoaren 9an, astelehena, hasi eta apirilaren 8ra, asteazkena, bitartean herriz-herri ibiliko da Laburbira, Euskaltzaleen Topaguneak urtero antolatzen duen euskarazko film laburren zirkuitua. Aurten 27 lan aurkeztu badira ere, orotara bederatzi lan ikusteko aukera egongo da ordubete inguruko proiekzio batean. Hala, egitasmoak 33 herri bisitatuko ditu bost astetan, Euskal Herria iparraldetik hegoaldera eta mugetatik haratago ere egingo du jauzia, Valladolid, Valentzia, Londres eta Paris bisitatuko baititu.
Aurtengo Laburbirari Sestaoko Udal Euskaltegian emango diote hasiera eta Izarrako Kultur Etxean amaituko da. Honakoak dira XVII. edizio honetan ikusgai izango diren euskarazko film labur guztiak:
Gau Beltza (Euskaltzaleen Topagunea)
Urak dakarrena (Marilin taldea)
Anti (Josu Martinez)
Tigre bat (Amaia San Sebastian)
Pil Pil (Kristina Zorita)
Mamarro (Ibon Iza Totorika)
Kateak (Yolanda Mazkiaran)
Jauzi bat eta Prixt (Maitane Eyheramonho)
Harria Herria (Dimegaz Kultur Elkartea)
Euskaltzaleen Topaguneak helburu nagusi birekin antolatzen du urtero Laburbira zirkuitu ibiltaria: “euskarazko sortzaileen lana ezagutzera ematea, euskaraz ekoizten jarraitu dezaten aukera zabalduz eta ikusleei geurean sortutako perla hauez gozaraztea da”, azaldu dute.
Egitarau osoa ikusteko hemen.