Bego Vicario (argazkia: EHU)

Bego Vicarioren ‘Ehiza’ pelikulak eraman du film onenaren saria Euskal Zine Bileran

Zuzendaritza onenaren saria, Aitor Mendilibar eta Ibon Goikoren Irten barrura filmarentzako izan da eta Gidoi onenaren saria, Imanol G. Gurrutxagaren Nigandik lanarentzat.

19 film izan dira aurtengo Euskal Zine Bilerako Lehiaketan parte hartu dutenak. Den denak azaroaren 23tik 26era bitartean ikusi ahal izan dira zinebilera.eus orrialdean eta sekulako maila egon dela azpimarratu dute epaileek. Genero eta izaera oso ezberdinetako lanak ikusi ahal izan dira jaialdian zehar eta, aniztasun horren bidez, istorio ikusgarri eta interesgarriez gozatzeko aukera egon da.

Hori bai, film guzti horien artean hiru izan dira gailendu direnak. Saridunak erabakitzearen arduradunak Aitor Oñederra, Erika Olaizola eta Mikel Rueda zinegileak izan dira eta erabaki oso zaila izan dela adierazi dute. Esperientzia eta ikus-entzunezko sektorearen ikuspegi zabala duten epaileek erronka handia izan dute film laburren artean onenak aukeratzeko.

Hala, film onenaren saria, Bego Vicarioren Ehiza pelikularentzat izan da. Epaileek nabarmendu dutenez, “proposamen ausarta eta animazio lan ikusgarria da, rotoskopia teknika maisuki erabiltzen duena eta film osoan zehar erritmoa bikaina mantentzen duena”. Beraz, berarentzat da 43. Euskal Zine Bilerako Urrezko Antzarra eta 1.900 euroko saria.

Zuzendaritza onenaren saria, Aitor Mendilibar eta Ibon Goikoren Irten barrura filmarentzako izan da. Epaileek nabarmendu duten bezala, “begirada berezi eta erakargarria aurkezten duen filma da”. Lanak 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra eraman du.

Gidoi onenaren saria, Imanol G. Gurrutxagaren Nigandik lanarentzat izan da. “Isiltasun eta begiradekin errealitate garden bat aurkezten duen filmak, naturaltasun handiz familia arteko harremanak adierazten ditu”, azpimarratu dute epaileek. Berarentzat 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra.

Azkenik, ikusleek astean zehar emandako botoen bidez EiTB Ikusleen saria ‘Nigandik’ filmari eman diote.

Era berean, epaileek aipamen berezia egin zioten Ekain Albiteren Haizearen egia filmari saharar eta euskal kulturaren arteko talka hain ondo azaltzeagatik, filmak begirada lausotua aurkezten duela azpimarratu nahi izan dute, flashback eta narratiba tenporala bikain nahasiz.

Euskal Zinemaren Begirada: Pascal Gaigne

Ekitaldi berean ere, euskal zinemagintzaren figura eta ekimenak omentzeko asmoz, Euskal Zinemaren Begirada, Pascal Gaigne musikariarengan jarri du 43. edizioak. Musikagileak urteetan zehar euskal zineman egin duen ekarpena omendu eta bere lana ezagutu eta aitortu nahi izan dute hartara.

Zabaldu: