(argazkia: EHZ festibala)

Belako, Kolinga, Afrika Bibang, Ada Oda, Kristonak eta Muare EHZ festibalean

Ekainaren 30etik uztailaren 2ra bitartean izango da jaialdiaren 27.edizioa. Laster talde gehiago iragarriko ditu antolakuntzak. Hiru egunetarako sarrerak salgai daude jada 40 euroan. www.ehz.eus webgunean eskuratu daitezke.

“Sugea bezala sigi-saga segitzen du bere bidea EHZ-k, Arrosa, Idauze-Mendi, Heleta eta Lekornetik iragan ondotik, aurten, laugarren urtez Irisarrin. Gaur eta biharko belaunaldiek, elkarlanean, esperientziak eta koloreak elkar-korapilaturik, EHZ-ren Herensugea gorpuzten dute”, halaxe deskribatu dute antolatzaileek Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren ibilbidea orain arte.

Aurtengoak 27. edizioa du festibalak eta ekainaren 30etik uztailaren 2ra bitartean egingo dute Irisarrin. Antolatzaileek bertako oholtzan ariko diren taldeetako batzuk eman dituzte ezagutzera dagoeneko: Belako, Kolinga, Afrika Bibang, Ada Oda, Kristonak eta Muare.

Kontzertuez gain, aurreko urteetako formatuarekin jarraituko dute eta egunean zehar, zirkua, hitzaldiak, mahai-inguruak edota haurren txokoa izango dira. Azpimarratu dutenez, “kapitalismoak eragindako krisi bete- betean garen honetan, gure ahalegin guztiak egiten ditugu festibala denendako eskuragarria izan dadin”.

Laster talde gehiago iragarriko ditu antolakuntzak. Bitartean, hiru egunetarako sarrerak salgai jarri dituzte 40 euroan eta www.ehz.eus webgunean eskuratu ahal izango dira martxoaren 12ra arte. Apirilean, berriz ekingo diote sarrerak saltzeari. Festibalean laguntzeko izen-emateak ere apirilean irekiko dituztela zehaztu dute.

Zabaldu: