Beltza Weekend jaialdia irailaren 11tik 13ra egingo da Iruñean

Tanika Charles kanadarra eta JP Bimeni, Erresuma Batuan bizi den Burundiko abeslaria, izango dira kartela osatzen duten musikarietako batzuk. Horietaz gain, erakusketak, liburuen aurkezpenak, familia osoarentzako jarduerak eta zinema ziklo bat ere jasotzen ditu egitarauak.

Asteburu batez, Iruñea musika beltzez beteko du Beltza Weekend jaialdiak aurten ere. Laugarren edizioa koronabirusaren krisiaren ostean, eta, dena ondo bidean, irailaren 11tik 13ra egingo dutela iragarri dute gaur antolatzaileek.

Hala, kartela osatuko duten musikarietako batzuk ezagutzera eman dituzte jada: “Lehenik eta behin, Tanika Charles kanadarra eta JP Bimeni, Erresuma Batuan bizi den Burundiko abeslaria, izanen ditugu gure artean. Bi artistak bere gaztetasunagatik, ahotsengatik eta presentzia eszenikoagatik nabarmentzen dira, bai eta bere estilo bereziagatik ere”. Horietaz gain, antolakuntzak laster iragarriko dituen beste lau talde eta musika beltzeko disko jartzaileak ere bilduko ditu aurtengo jaialdiak.

Bestalde, hiriko eskaintza kulturala aberasteko asmoz, kontzertuez gain, antolatzaileak kultur programazio zabala prestatzen ari dira erakusketa, liburuen aurkezpen, familia osoarentzako jarduera eta Nafarroako Filmotekan zinema ziklo batekin, besteak beste.

Bi eguneko bonua 36 euroan eskuratu daiteke Internet bidez, hemen.

Gautxoriak Soul Club eta Shakin’ Brothersek bultzatuta, Beltza Weekend urtero, irailean ospatzen den Iruñeko musika beltzeko jaialdia da.

Zabaldu: