(argazkia: Donostia Kultura)

Beñat Arrutik ‘Arkeologia haragitan’ estreinako liburua aurkeztu du

Idazlea zuzenean ikusteko aukera egongo da ekainaren 12an, iluntzeko 19:00etan, Victoria Eugenia Cluben egingo den 2024ko Poesia eta Pentsamendua programako errezitalean.

Beñat Arruti Irigoienen Arkeologia haragitan da aurtengo Donostia Kultura Poesia Saria eta gaur aurkeztu du lan amaitua Balea Zuria argitaletxearen eskutik.

Itxaro Bordak, Aritz Gorrotxategik eta Eli Tolaretxipik osatu dute epaimahaia eta euren aburuz, “Aipuz eta irakurketaz ondo hornitua dator, eta trebeki uztartzen du gogoeta eta hizkuntzaren distira. Berezko erritmo eta musika darie poemei, aisa irristatzen dira irakurlearen belarrietan, eta lan handia dago doitze horren atzetik. Lan orekatua eta koherentea da oro har, estilo eta tonu aldetik batasun handikoa”.

Epaimahaiaren arabera, gainera, “ezleku kontzeptua lantzen du hainbat poematan, gainbehera eta maitasuna, poesiari eta hizkuntzari buruzko kezkak… Askotariko paisaia eta giroak uztartzen doa, barnekoak zein kanpokoak, naturaren ingurukoak zein urbanoak. Hizkera hanpaturik gabe egiten du aurrera, leun baina zorrotz, argitasunez, eta, aldi berean, alde ilunen arrakalak bilatuz”.

Arrutik kaleratzen duen lehenengo liburua da Arkeologia haragitan. Zarautzen 1999an jaioa, Euskal Herriko Unibertsitatean burutu zituen Psikologia ikasketak, Bartzelonara Ikerketa eta Esku-hartze Psikosozialeko Masterra egitera joan aurretik. Egun, adimen urritasuna duten pertsonekin ari da lanean, Zarauzko eguneko zentro batean.

Idazlea zuzenean ikusteko aukera izango da ekainaren 12an, iluntzeko 19:00etan, Victoria Eugenia Cluben egingo den 2024ko Poesia eta Pentsamendua programako errezitalean.

Poesia zabaldu eta idazle gazteen lanari bultzada emateko bokazioarekin sortu zuten Balea Zuria argitaletxeak eta Donostia Kulturak DK Poesia Lehiaketa.

Zabaldu: