(argazkia: Euskaltzaindia)

Beñat Garaio, Eneko Iradier, Iñigo Arrazola, Maitane Basasoro eta Manu Araolaza dira Koldo Mitxelena sarietako irabazleak

Azken bi urteotan (2020-22), 86 tesi egin izan dira euskaraz Euskal Herriko Unibertsitatean, eta horietatik 44 aurkeztu dira VIII. Koldo Mitxelena sarietara.

Euskarazko ikerketa bultzatzeko eta sustatzeko asmoz, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak elkarlanean antolatzen dituzte Euskarazko Tesien Koldo Mitxelena sariak. Aurtengo edizioa zortzigarrena da.

Sari-emate ekitaldia gaur egin da, Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan, eta bertan izan dira Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea, Jesus Mari Makazaga Euskal Herriko Unibertsitateko Euskarazko Aholkularitza eta Testugintzaren arloko zuzendaria, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Adolfo Arejita Euskaltzaindiaren idazkaria. Honela, Saridunek diploma eta 2.000 euro gordin jaso dituzte.

Mitxelena sariak orain dela 16 urte eman ziren estreinakoz, eta euskarazko doktorego tesiak sustatzeko helburuarekin sortu ziren. Sariek, euskarazko zientzia bultzatzeaz gain, ikertzaile gazteen lana aitortzen dute eta prestigioa ematen diote euskarari, maila goreneko aitortza eginez.

Urrutiak adierazi duenez, “beste behin, nabarmendu nahi nuke Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera eginiko lana. Gainera, sari hauetako batzuk publikatu ere egiten ditugu, esaterako, Miren Ibarluzearen Euskal literatura itzuliaren egitura eta islak 1975-2015, eta iaz kaleratu genuena, Eneko Zuloagaren Mendebaldeko euskara zaharra: ezaugarriak, kronologia eta geografia”. Euskaltzainburuak gaineratu duenez, “bere hastapenetik, Euskaltzaindia ahalegindu da euskaraz eginiko ikerketa sustatzen, eta ehun urte beranduago ere tinko eusten dio zeregin horri”.

Ferreirak azpimarratu duenez, “zientzia euskaraz ikasten eta irakasten da. Are gehiago: zientzia euskaraz egiten da. Lorpen horretan, zerikusi handia izan dute eta dute EHUko ikertzaileek eta unibertsitateak berak. Euskaraz egindako doktorego-tesien % 90 baino gehiago Euskal Herriko Unibertsitatean egin da; % 93, bakarrik Euskal Autonomia Erkidegoaz ari bagara. Uste dut datu horrek nahiko ondo deskribatzen duela gure erakundeak euskararekin hartu duen konpromisoa; baita konpromiso horren emaitza ere”.

Mitxelena sarien VIII. aldian, UPV/EHUn 2020ko irailetik 2022ko uztailera arteko tartean euskaraz idatzi eta defendaturiko doktorego-tesiak aurkeztu ahal izan dira. Guztira, 44 tesi-egile aurkeztu dira sari hauetara.

Zabaldu: