(argazkia: Loraldia)

Benito Lertxundik ‘Askatasunari’ emanaldia eskainiko du Loraldia Festibalean

Emanaldi honetan Euskal Herrian dagoeneko ereserki bihurtu diren abestiak eta labetik atera berri dituenak entzuteko parada eskainiko du oriotarrak.

Loraldia Festibalaren bederatzigarren edizioak Benito Lertxundiren Askatasunari izeneko emanaldi berezia eskainiko du martxoaren 18an, Bilboko Arriaga Antzokira.

Hainbat urtetan saiatu ondoren, Loraldiak Benito Lertxundi festibalean presente egotea eta zuzenekoa eskaintzea lortu du. “Haren 80. urteurrena Loraldian ospatzeko proposamena egin genion duela zenbait urte eta testuinguruak eta gertaera ezberdinek orain arte atzeratzera behartu gaituzte”.

Loraldiak Askatasunari lema jarri nahi izan dio eta emanaldi berezi honetarako bere musika- eta bizi-ibilbidearen errepasoa egitea eskatu dio.

Autodidakta eta moda, araudi eta ortodoxiatik at kokatu izan den kantaria. Hamazazpi disko (horietako asko bikoitzak) plazaratu ostean, kanta berriak sortzen jarraitzen du etengabe. Emanaldi honetan Euskal Herrian dagoeneko ereserki bihurtu diren abestiak eta labetik atera berri dituenak entzuteko parada eskainiko du oriotarrak.

Zuzenean azken aldi honetan batu duen lagun taldearekin onduko ditu kantuok, desikastearen beharraz edota herri menderatuaren oldar askatzaileaz ari zaizkigun kantak. Oholtzan hamar lagun bilduko dira. Hainbatetan Jorge Bucay argentinarraren edo Fernando Pessoaren iruditeria poetikoa biltzen dituenak. Hala nola Jon Maia bertsolariak eta Pako Aristi idazleak idatzitako berbak musikatu ditu azken aldi honetan.

Kontzertu honetarako sarrerak agortuta daude duela bi hilabete.

Zabaldu: