Prosa laburren izenburuekin eta haiei buruzko testuekin osatutako hiztegi bat da Berbelitzen hiztegia liburua (Alberdania). Prosaren tekla ugariak baliatzen ditu (glosak, hausnarketak, kronikak, kritikak, ipuinak…), tonu eta musika desberdinak entzunarazten (umorea, kronika, ipuina…), sentsazio literario oparoak eragiten.
Orain dela hogei urte, EIZIE elkarteak itzulpenarekin zerikusirik izan zezakeen zerbait idaztea eskatu zion Anjel Lertxundi idazleari. Aire librean egin zezakeen lana, inolako baldintzarik gabe. “Eskakizunari buelta batzuk eman eta gero, Berbelitz jaio zen, aire librean jaio ere”. Berba, ele eta hitz izenekin osatua”, azaldu du oriotarrak.
Berbelitz liburuko itzultzaile protagonista da eta gaztetatik hasi zen beste hizkuntzetako obrak euskarara itzultzen, beste munduak, beste begiradak, beste kulturetako sentiberatasunak euskarara ekartzen. Jakin-gose, apunteak hartzeko ohitura du bere itzultzaile lanaz bezala bere bizitza xumeko gorabeherez ere. Baina, urteari urte, apunteak pilatzen joan zaizkio, karpetak eta karpetak bete ditu ikusi eta bizi izan duenari buruzko apunteekin, bere baitako hausnarketekin, etxetik kanpora eta kanpotik etxera egindako bidaia benetakoekin eta mentalekin.
Orain, urtetako lanak merezi izan ote duen galdetzen dio bere buruari. Hainbeste paperen artean ba ote dago fundamentuzko ezer? Apunteak erre ez erre dagoela, lagun idazle bati eskaintzen dizkio karpetak, zernahi egin dezan bertako apunteekin. Idazleak, karpetetako materiala begiratu ostean, interesgarriena jaso, eta lagunaren obsesio nagusien hiztegi bat, itzultzaile baten lanabes nagusia, osatuko du Berbelitzen hainbat testurekin.
Emaitza fikzioaren eta saiakeraren arteko testu hibrido bat izango da. “Irakurleak Berbelitz itzultzailearen bitxikeriak eta jenialtasunak aurkituko ditu haren oroitzapenen eta eguneroko bizitzaren zabuan”.
Idoia Santamaria editorearen arabera, Lertxundiren ahots hibridoa darie liburuko orri-ertz guztiei. Fikzioa da liburua? Saiakera? Lanabes gisa erabiltzeko hiztegi bat? Ez bilatu definizio hetsirik. Literatura da, literatura, bai, ez letra larriz, letra xehez idatzia baizik. Ponperia eta handikeria orotik urrun, munduko literaturarako bidaia honetan Berbelitzek lagun ditu Orixe eta Brodsky, Zweig eta Segurola, Zavala eta Zagajewski, Bachmann eta Saizarbitoria, Nooteboom eta Oñederra, Canetti eta Esteban”.