Berdintasuna, aniztasuna eta inklusioa, Museoen Nazioarteko Egunaren ardatz.

Gipuzkoako Museoak izeneko webgunea jarri du martxan Aldundiak, herrialde osoko 70 museo eta interpretazio zentrotara sartzeko plataforma. Herritarrak gure ondarera hurbiltzeko aukera eskaintzen du.

Museoen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, maiatzaren 18an ekintza ugari antolatzen dira urtero Euskal Herriko museoetan. Ekimen guzti horiek baina, aurten moldatu behar izan dira koronabirusaren krisiaren eraginez. Hala, Gipuzkoako Aldundiak Gipuzkoako Museoak izeneko webgunea abiatu du. Honen bidez, herrialde osoko 70 museo eta interpretazio zentrotara sartzeko eta herritarrak gure ondarera hurbiltzeko aukera egongo da. Bestalde, aurtengo ediziorako gai orokorra museoak berdintasunaren alde: aniztasuna eta inklusioa da.

Plataformak Gipuzkoako kultur ondarearen baliabideak biltzen ditu, eta herritarrei aukera ematen die Gipuzkoako museoen eta interpretazio zentroen agenda kontsultatzeko, eta horien albiste nagusiak eta Gipuzkoan zehar egin daitezkeen hainbat ibilbide kultural ezagutzeko. “Museoen ondarea zabaltzea lagungarria zaigu gure historia herritarrengana hurbiltzeko eta gaurkotasuna eta bizi dugun oraina hobeto interpretatzeko”, azaldu du Kultura Diputatu Harkaitz Millanek. Testuinguru horretan, Zumalakarregi Museoak garatutako Migrazioak bezalako proiektuen balioa azpimarratu du; horretan, gogoeta egiten da euskal emigrazioak XIX. mendean izan zuen eraginari buruz eta gaur egun Euskal Herrian immigrazioak irudikatzen duenari buruz. Proiektu horretan, ikasleek eta 25 nazionalitatetako migratzaileen kolektiboek parte hartu dute. Migrazioak bezalako proiektuek agerian uzten dute museoek oztopoak gainditzeko, gizartea interpelatzeko eta aniztasunari eta berdintasunari buruzko hausnarketa sustatzeko duten gaitasuna, bizikidetzarako ezinbestekoak baitira”. Migrazioak Zumalakarregi Museoaren laborategi gune berriaren lehen proiektua da.

Museoen Nazioarteko Eguneko ospakizunen artean, proiektu horretaz gain, Igartubeitik, Euskal Itsas Museoak eta Zumalakarregi Museoak programa oparo bat eskainiko dute. Antolatu dituzten ekimenen artean, Museoa Dastatu! ¡Saborea el Museo! gailentzen da: Gastronomiaren bidez, kultura aniztasunaz eta dibertsitateaz hausnartuko dute, gure ondarera beste ikuspegi batetik hurbiltzeko. Azken finean, gure kultura gastronomikoaren osagai asko oso urrutitik etorri dira eta aniztasun kulturalaren ondorio dira, eta, hala, museoek kulturen arteko topagune izan nahi dute.

Museoa Dastatu! ekimenaren barruan, objektu bat lotzen da, bideo baten bidez, sukaldean erabiltzen dugun errezeta edo osagai batekin. Horrela, hiru zentroak hurbileko sukaldaritzako adituengana hurbildu dira, beren sekretuak eta jakintza konta diezazkieten. Sukaldaritzako eta gozogintzako hiru pertsona aski ezagunekin hitz egingo dute. Euskal Itsas Museoaren kasuan, Ander Gonzalez sukaldariarekin. Igartubeiti baserri-museoak Ezkioko Argindegi jatetxeko Josu Landarekin. Eta, azkenik, Zumalakarregi museoa Rafa Gorrotxategi gozogilearekin izango da, Pernan Goñi ilustratzaileak lagunduta. Solasaldi horiek gaur estreinatuko dira, webgunean. Aldi berean, lehiaketa bat ere abiaraziko da, jendeak parte har dezan. Ekimen honetan parte hartzea erabakitzen dutenek beren errezetarik originalenak bidali beharko dituzte, proposatutako osagaietatik abiatuta eta osagai berriak gehituz, bideo, irudi eta audio formatuan. Errezeta guztien artean sari oparoak zozkatuko dira. Lehiaketak bi asteko iraupena izango du, eta parte hartzeko informazio guztia museo bakoitzaren webgunean egongo da eskuragarri.

COVID-19ak eragin duen osasun larrialdia dela eta, jarduerak bi fasetan egingo dira: lehenengo fasea maiatzaren 18tik 24ra bitarteko astean, formatu digitalean, eta, bigarrena, azaroaren 14tik 16ra bitartean, aurrez aurreko jarduerekin.

Zabaldu: