(argazkia: Euskaltzaindia)

Bernart Etxeparek izandako amodio eta politika bizipenak argitara

Pamiela argitaletxeak Bernart Etxepare, 1545 disko-liburua aurkeztu du. Koldo Azkonak zuzendutako proiektu baten parte da disko-liburua. Danserie taldeak Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae liburuan oinarritutako emanaldia iragarri du abenduaren 2rako, Nafarroako Parlamentuko patioan.

Bernart Etxeparek izandako amodio eta politika bizipenak azaleratu ditu haren poema musikatuak biltzen dituen Bernart Etxepare, 1545 disko-liburuak (Pamiela), Koldo Azkonak zuzendutako proiektu baten baitan.

Azkonak denboraldi luzea eman du Nafarroako Errege Artxibo Nagusian ikertzen, XVI. mendeko dokumentuetan Bernart Etxepare aurkitu nahirik. Bilaketa ez da erraza izan, baina azkeneko emaitza, ordea, ederra izan da.

Hauek dira aurkitutako dokumentu nagusiak: XIV. eta XV. mendeetako erreferentzia batzuk idazlearen arbasoei buruz; Etxeparek 1511ko auzi batean egindako deklarazioak artxiboan duen kokapen fisikoa; Espainiako erregeordearen 1521eko gutun argitaragabe bat (Peio Monteano historialariaren laguntzarekin aurkitua), lehendik ezaguna zen beste baten jarraipena; enperadorearen aginduz Etxeparek kobratu behar zuen zerga baten men-egitearen deskribapena; eta, Pamielaren ustez, deigarriena, Etxepareren semearen ezkontza 1537an.

Bernart Etxepare, 1545 disko-liburua

Zortzi urteko ikerketa lanaren fruitua da disko-liburua. Koldo Azkonak azaldu duenez, Errenazimentuan maiz erabiltzen zen contrafactum izeneko teknika baliatu du Danserie Ensemble taldeak lan hau sortzeko, hau da, poesia bati bere metrikarekin bat egiten duen doinu bat egokitzea bertsoak kantatu ahal izateko. Hain zuzen ere, Erdi Aroko, Errenazimentuko eta hasierako Barroko garaiko doinuak hartu ditu, horietarik batzuk Euskal Herriko antzinako doinuak”.

Diskoa grabatzeko taldeak hizkuntza bereziki zaindu duela gaineratu du Azkonak eta, horretarako, “funtsezkoak izan dira grabaketan parte hartu duten Nafarroa Garaiko eta Behereko kantariak: Marta Huarte Ezkirozko sopranoa; Andoni Sarobe Arantzako baritonoa; Guy Saldubehere Aldudeko tenorea; eta Ihitz Iriart Zuberoako kontraltoa”. Era berean, hainbat filologo eta historialariren laguntza izan du taldeak.

Bernat Etxepareri omenaldia

Asmoaren tamaina ikusirik, Euskaltzaindiak eta Nafarroako Gobernuak babesa eman zioten proiektuari, eta CDa argitaratzearekin batera, kontzertu berezi bat antolatzea erabaki zuten. Honela, Euskararen Egunaren atarian, Errenazimentuko musika ederrean adituko dira Etxepareren bertsoak.

Kontzertua abenduaren 2an izango da, astelehenez, Nafarroako Parlamentuaren patioan, 19:00etatik aurrera. Sarrera doakoa izango da, baina kontzertura joan nahi duen orok Parlamentuko telefonora (948 209209) deitu beharko du, izena emateko.

Parlamentuko ateak 18:30ean irekiko dira, jendea sartzeko. Kontzertuan hamar musikarik parte hartuko dute eta guztira 18 pieza joko dituzte, tartean, Sautrela, Amoros sekretuki dena, Kontrapas eta Ardoarena piezak.

Zabaldu:

Utzi erantzuna