Berta Suescun (argazkia: Donostia Kultura)

Berta Suescun artistaren erakusketa zabalik da, Donostiako Ilustratzailearen Txokoan

Nafarrak sortutako ilustrazioak abenduaren 7ra arte egongo dira ikusgai Aieteko Kultur Etxean.

Berta Suescunek (Gares, 1974) Arkitektura Teknikoa ikasi zuen Nafarroako Unibertsitatean, eta hori da bere lanbidea. Ikasketak bukatu zituenetik, arkitektura-estudio, enpresa eta Nafarroako Gobernuaren departamentu ezberdinetan lan egin ondoren, 2005ean Iruñeko Udalean hasi zen lanean, Udaleko Hirigintza Gerentziako arkitekto tekniko gisa.

Ogibide duen arkitekto lana bere pasio handienetako biekin uztartzen du gaur egun: artea eta ilustrazioarekin. Ilustratzaile ibilbidea modu autodidaktan hasi zuen, eta prestakuntza haur-ilustrazioari eskainitako lantegi eta ikastaro ugarirekin osatu du. Besteak beste, Marian Lariorekin ikastaro andanak egin ditu, hala nola, album ilustratuari, konposizioari, koloreari edota albumen azalaren diseinuari eskainitakoak.

Batez ere teknika mistoak erabiltzen ditu, eskuz egindakoa eta digitala uztartuz. Bere lan egiteko moduari dagokionez, bozetoak egitea atsegin du, bozeto txiki asko. Gustukoa duen emaitza lortzean, eskala handitu eta detaileak txertatzen dizkio. Behin betiko ilustrazioa duenean, arkatzaz definitu, eskaneatu eta kolorea digitalean gehitzen dio. Koloreekin eta testurekin  jolastea atsegin du eta denbora eskaintzen dio azken pausu horri.

Ilustratzaile gisa, publizitate lanetan aritzen da gehienbat (jaialdiak, antzerkia, erakusleiho-apainketa). 2018an eta 2024an Arte&Trenza izeneko Ilustrazio Lehiaketa irabazi zuen. Aipaturiko lehiaketa,  La Trenza de Almudevar izeneko gozo famatuaren inguruan antolatutakoa da.

Haur-ilustrazioari dagokionez, alde batetik, Meraki Tanttak proiektu literarioan parte hartu zuen El niño azul ipuina ilustratuz, beste bederatzi ilustratzaile nafarrekin batera. Meraki Tanttak Rebecca Gil irakasle eta idazleak gidaturiko proiektua izan zen. Horrez gain, Javier Fernandezekin batera Menudo castillo albuma argitaratu zuen 2020an, Amigos del Papel argitaletxearekin.

Beste hainbat artista nafarrekin batera sortutako Variopintas Kolektiboa taldeko kidea da. Hainbat erakusketa antolatu dituzte Nafarroan;  besteak beste, Correspondencia (2023) eta Arts Naturae-Natura Artis (2025).

Ilustratzailearen Txokoa

2012ko urrian, Aiete Kultur Etxean Ilustratzailearen Txokoa ireki zenetik, bertatik ilustratzaile klasiko eta berriak igaro dira: Iban Barrenetxea, Eider Eibar, Elena Odriozola, Antton Olariaga, Maite Gurrutxaga, Aitziber Alonso, Jokin Mitxelena, Estibalitz Jalon, Jon Zabaleta, Belen Lucas, Leire Urbeltz, Marrazioak topaketetako artistak, Asun Balzola, Iñaki Martiarena Mattin, Ainara Azpiazu Axpi, Concetta Probanza, Unai Zoco, Begoña Durruty, Dani Maiz, Lorena Martinez, Idoia Beratarbide, Tomas Hernandez Mendizabal, Iraia Okina, Dani Fano, Andrea Escargot, Iker Ayestaran eta Yolanda Mosquera, Asier Iturralde, Miren Asiain, Paul Caballero, Irrimarra bikotea Ana Ibañez, Ane Arzelus, Iñaki Landa, Maite Rosende eta Sandra Garayoa, Iban Illarramendi, Leire Salaberria Ivan Mata Arkaitz Barriola Maitane Bautista, Mai Egurza, Raquel Samitierra, Aritz Trueba, Olaia Martinez, Nerea Urrestarazu eta Joseba Beramendi. Orain, Berta Suescunen txanda da.

Zabaldu:

Utzi erantzuna