Bertso Abentura antolatu dute Espejon, apirilaren 20tik 22ra bitartean

Arabako Bertsozale Elkarteak, Lautada eta Gorbeialdeko Kuadrilekin elkarlanean, oporraldian euskaraz jolastu eta bertsoez gozatzeko eta inguruko natura eta kultura hobeto ezagutzeko Bertso Abentura antolatu du 2011, 2010 eta 2009an jaiotako haurrentzat. Apirilaren 1era arte egongo da izena emateko epea zabalik.

Oporraldian euskaraz jolastu eta bertsoez gozatzeko, inguruko natura eta kultura hobeto ezagutzeko helburuarekin Bertso Abentura bizitzeko aukera egongo da udaberrian Espejon. “Arabako haur eta gaztetxoek norbere herritik gertuko lagun berriak egin, bertso munduan murgildu eta ondo pasatzeko aukera paregabea izango dute aurtengoan ere”, adierazi dute Arabako Bertsozale Elkarteko kideek, Lautada eta Gorbeialdeko Kuadrilekin elkarlanean antolatu dute egonaldia.

Udaberriko oporraldia aprobetxatuz, apirilaren 20tik 22ra bitartean izango da, asteazkenetik ostiralera. Asteazkenean 12:00etan hasi eta ostiralean 12:00etan amaituko da. Autobus zerbitzua egongo da, izen ematea itxi ondoren jakinaraziko dira autobusaren ibilbidea eta geltokiak. Prezioa 45 eurokoa izango da Lautada eta Gorbeialdea eskualdeko parte-hartzaileentzat, eta gainerakoentzat 60 eurokoa.

Parte hartzeko formularioa bete beharko da apirilaren 1a baino lehen. Edukiera mugatua izango denez, Lautada eta Gorbeialdeko eskualdeetako haurrek izango dute lehentasuna eta  izen-ematearen ordena izango da bigarren irizpidea.

Informazio eskuorria deskargatzeko, hemen.

Zabaldu: