2021-05-07 Legutioko kanporaketa (argazkia: Bertsozale)

Bertso Bizi Gazte eguna eta Arabako Eskolarteko finala izango dira larunbatean, Agurainen

Bertso Bizi Gazte lehiaketako bideoen proiekzio eta sari banaketarekin emango diote hasiera egunari. Ondoren Eskolarteko bat-bateko finala izango da.

Iazko edizioa online burutu behar izan zen pandemiaren egoerak behartuta, baina aurten berriz ere jendartera eta kalera eramateko urtea izango dela adierazi du Arabako Bertsozale elkarteak.

Maiatzaren 7an Legutio, Aramaio eta Gasteizen 14 urtetik 18 urtera bitarteko Arabako eskolartekoari hasiera eman zioten eskualde mailako topaketak jokatuz. Sei finalistak hautatu ziren saio horietan: Hegoi Amabizka, Maddi Agirre eta Eukene de los Aires gasteiztarrak, Beñat Cano aguraindarra eta Danel Herrarte eta Gari Arexolaleiba aramaioarrak.

Larunbatean, maiatzak 15, izango da finala eta festa eguna Aguraingo Harresi aretoan. Zortziko nagusian eta zortziko txikian bina bertso, puntu bati erantzun eta gaiari bertso bat kantatu beharko dituzte bertsolariek. Larunbatean bertan erabakiko dira Euskal Herriko eskolarteko finalean Araba ordezkatuko duten txapelduna eta txapeldunordea.

Ez da bat-batekoa izango eguneko final bakarra ordea. Azken urteotan ohikoa denez ikus-entzunezko Bertso Bizi Gazte lehiaketa ere martxan da. Hamar bideo aurkeztu dira, bideoklip bat eta mokoka bideo azkarren formatuko bederatzi. Maiatzaren 11tik aurrera bozkatzeko aukera egongo da ostiralera bitarte, Nibanaxarabakoa webgunean. Larunbatean bertan jakinaraziko dira sarituak.

Izatez larunbateko jaia, 10:00etan hasiko da bideoklip eta bideo laburren proiekzioarekin. Rap eta musika tarte baten ostean izango da bat-bateko finala, eta txapeldunaren agurrarekin amaituko da festa eguna.

Autobusez bertaratzeko aukera izango da, Oion, Agurain zein Gasteiztik, horretarako bertsoabizi@gmail.com helbidera idatzi edo 688695875 telefonora (Xabi Lasa) deitu beharko da, maiatzaren 13a baino lehen.

Zabaldu: