(argazkia: Bertsozale Elkartea)

Bertso Udalekuetako txanden inguruko informazioa argitaratu dute

Martxoaren 2an hasiko da izen-ematea gurasoetako bat Bertsozale Elkarteko bazkide dutenentzat edota bertso-eskolako kide direnentzat.

Bertsozale Elkarteak Bertso Udalekuetako txanden inguruko informazioa argitaratu du gaur. Zehaztu duenez, “aurten bi gunetan elkartuko dira gazteak: 9 eta 11 urte artekoak Zuhatzako irlan (Uribarri Ganboan, Araba); eta gainerako hiru txandak (12-13, 14-15 eta 16-18 urtekoak) Getadar aterpetxean (Ezprogi, Nafarroa). Lau txandak uztailean izango dira”.

Martxoaren 2an hasiko da izen-ematea gurasoetako bat Bertsozale Elkarteko bazkide dutenentzat edota bertso-eskolako kide direnentzat: “goizeko 11:00etan zabalduko da izen-ematea eta online galdetegia betez egin beharko da”, adierazi dute.

Hala, galdetegia www.bertsozale.eus atarian bistaratuko da, goizeko 11:00etan. “Txandak izen-emate ordenaren arabera betetzen dira, beraz, etorri nahi ezkero bizi ibili! Izena emateko lehen epealdi hau martxoaren 15era arte egongo da zabalik”.

Betetzeko geratzen diren txandekin bigarren izen-emate epea irekiko da gainerako interesdunentzat martxoaren 18tik apirilaren 13ra bitartean. I”zen-emateak 11:00etan irekiko dira bi kasuetan. Edozein zalantza edo galdera duzula, jo lasai Bertsozale Elkartera: (00) (34) 943 69 41 29 / aisialdia@bertsozale.eus”.

Hezitzaileen izen-ematea

Parte hartuko duten gazteek izena eman aurretik, ordea, hezitzaileekin hornitu behar dituzte txandak. Otsailaren 5ean (11:00etan hau ere) irekiko da hezitzaileentzako izen-ematea: “begirale, zuzendari edo sukaldari izan nahi dutenek eman ahalko dute izena”.

Begiraleen eta zuzendarien kasuan, ezinbestekoa izango da hezitzaile titulua izatea. Martxoan jakinaraziko dira zeintzuk diren lantaldeak eta parte hartuko dutenek prestaketa saioan parte hartu beharko dute, udalekuen antolaketa ona ziurtatzeko. Prestaketa apirilaren 25ean izango da Amasa-Villabonan, goiz eta arratsaldez, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen egoitzan.

Bertso Udalekuetako txanden inguruko informazioa, hemen.

Zabaldu:

Utzi erantzuna