Martxoaren 7tik aurrera bertso-eskolako kideek edota gurasoetako bat Bertsozale Elkarteko bazkide dutenek eman ahalko dute izena. Martxoaren 24tik aurrera, berriz, gainerako lagunentzako izen-ematea hasiko da.
Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez, 2022ko Bertso Udalekuetako txandak Amaiurren, Irañetan, Zuhatzan eta Larraulen izango dira, guztiak uztailean. Hezitzaileen izen-ematea amaituta, udalekuetan parte hartu nahi duten gaztetxoen txanda izango da: martxoaren 7an irekiko da izena emateko aukera. Egun horretako 10:00etatik martxoaren 21eko 12:00etara, bertso-eskolako gazteek edota gurasoetako bat Bertsozale Elkarteko bazkide dutenek eman ahal izango dute izena. Ondoren, lehentasuna galdu eta martxoaren 24tik apirilaren 7ra arte, ordutegi berean, izena emateko txanda gainerako lagunei ere zabalduko zaie. Izena emateko www.bertsozale.eus atarian argitaratuko den izen-emate orria bete beharko da.
Maiatzaren hasieran jakinaraziko zaie izena eman dutenei txandarik egokitu ote zaien, eta orduan emango da taldeen osaketaren berri.
Txanden xehetasunak
16 eta 18 urte bitarteko gazteen egonaldia izango da lehena; Amaiurren egingo da uztailaren 6tik 15era bitartean. Hura amaitu eta hurrengo egunean ekingo zaio Irañetako udalekuari, eta han izango dira 12 eta 13 urteko gazteak 10 egunez. Uztailaren 25etik 31era bitartean, Larraulen elkartuko dira 14 eta 15 urte bitartekoak. Egun beretsuetan Zuhatzan izango dira bi txanda ere: bi taldetan banatuko dira 9 eta 11 urte bitartekoak, eta uztailaren 23tik 27ra izango da lehen taldea eta 27tik 31ra bigarrena. Prezioari dagokionez, Amaiurreko egonaldiak 360 euro balio du, Irañetakoak eta Larraulgoak 280 euro eta 245 euro Zuhatzakoak. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, “unean unean, indarrean dauden neurriak jarraituko dira udalekuetan”.
Informazio gehiagorako, 943 694129 telefono zenbakira deitu edota aisialdia@bertsozale.eus helbidera idatzi beharko du interesa duenak.