Bertsoa Bizi Gazte lehiaketan aldaketak egin ditu Arabako Bertsozalek

Arabako Bertsozale Elkarteak ezinbestekoa ikusi du Bertsoa Bizi Gazte lehiaketan moldaketa batzuk egitea. Aurreko sarrera batean, Instagram bidez egiteko aukera eman zuten bakarkako lanei sarrera emanez.

Oraingo honetan baina, bideoklipak eta zuzenekoak egiteko laguntza eskaini nahi izan dute. Horretarako hauek dira jarraitu beharreko pausuak:

Lehenik eta behin, parte hartzaileek bakarkakoak edo taldeak osatzen dituztenean, modalitatea aukeratu beharko dute eta bertsoabizi@gmail.com helbidera bidali. Aukerak Bertso sorta musikatua, Rapa edota Bideoklipa edo Zuzenean izango dira. Behin letra idatzita, zoom bidezko bideo-dei baten bitartez, Bertsozalek grabaketarekin laguntza eskainiko du. Ondoren, elkarteak e-posta bidez audioaren muntaketa bidaliko du, bideoklipa egin ahal izateko. Lehiakideek irudiak grabatu eta montatu beharko dituzte eta lanak maiatzaren 15a baino lehen e-postaz bidali beharko dituzte.

Zuzenekoen kasuan, behin ikuskizuna prestatuta, bideo bat grabatuko da zoom bidez inolako mozketarik gabe Maiatzaren 15a baino lehen.

Bestalde, konfinamendua eta segurtasun neurriak direla eta, ez da Bertsoa Bizi Gazte egunik burutuko.

Sariei dagokioenez, hauek izango dira egoerara moldatutako sari berriak:

  • Ni banax arabakoa saria (webgunean bozka moduan emango dena. Zuzeneko bideoak eta bideoklipak izan daitezke)
  • Bideo originalenari saria. (Zuzeneko bideoak eta bideoklipak izan daitezke)
  • Bideoklip onenari saria.
  • Zuzeneko onenari saria

Lau saritu nagusi hauentzat, taldekide guztiek asteburu bateko egonaldia izango dute opari Zuhatzan irailaren 4, 5 eta 6an. Bertan, kirol abentura, euskara eta sormena uztartuz Uribarri-Ganboako urtegi inguruan egonaldi bikainaz gozatzeko aukera izango dute.

Zabaldu: