(argazkia: Bertsozale Elkartea)

Bertsoei dizdira berezia aterata irabazi du txapela Nerea Ibarzabalek

Ia 4000 lagunen aurrean amaitu da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, eta Jone Uria eta Nerea Ibarzabalen artean jokatu zuten buruz burukoa.

2020. urtean jokatu ezin, eta 2021eko abenduaren 21ean Bizkaiko txapela eskuratu du Nerea Ibarzabalek, bertsotan oso saio ona egin, eta bakarkako gaietan istorio bereziak sortu eta dizdira gehituz bere ohiko bertsogintza sortzaileari. Bizkaiko txapela lortzen duen bigarren emakumea da Markinakoa, eta txapeldun orde ere beste emakume bat, Algortako Bertso eskolako Jone Uria, saio osoan aurretik ibili zen bertsolaria, eta kartzelako laneko ezberdintasunak txapel barik utzi zuen.

Miribilla bete lagun, ia 4000 pertsona antolatzaileen arabera, eta giro oso onarekin hasieratik. Pandemia egoerak behartuta, neurri bereziek ez zuen ohiko bertsogintzan eragin nabarmenik izan. Jendea gogotsu zegoen finalerako, eta bertsolariak bere onena emateko prest. Eta horrela izan zen saio osoan zehar. Saioak aurrera egin ahala, zortzi bertsolarien arteko aldea gero eta nabarmenagoa zen, eta Etxahun Lekue, Nerea Ibarzabal eta Jone Uria, Xabat Galletabeitiarekin batera, arean nabarmendu ziren besteen aldean. Onintza Enbeitak une eder batzuk izan zituen arren, beste txapelketa batzuen aldean, ezin gehiago emanda bezala. Durangaldeko Aitor Bizkarrak ez zion Galdakaoko saioko zorroztasunik atera Bilboko finalari, eta Aitor Etxebarriazarraga eta Gorka Pagonabarrak publikoaren aurreko lan txukuna egin zuten beraien lehen finalean. Saioa luzatu ahala, nabarmentzen ari zen bi taldeen arteko ezberdintasuna.

Puntuei erreparatuta, Nerea Ibarzabalek eta Jone Uriak, zortziko handiko saioan zein zortziko txikiko ariketan, biek lortu zituzten puntu gehien, Nereak 112,5 handian eta Jonek 112 txikian. Bi punturen aldera bata zein bestea, beste saioetan. Puntua emanda berriz, bertsolari beteranoenek; Etxahun Lekue eta Onintza Enbeitak atera zioten punta asko lan horri, baina ezustekoa Aitor Etxebarriazarragak egin zuen puntuazio altuena lortuz. Baina saioak aurrera egin ahala, eta buruz burukora nortzuk pasako ziren bakarkako lanak erabaki zuen. Jone Uriak 123 puntu eskuratu zituen gehien Olentzeroren paperean, bigarren urtez umeak opari barik utzi behar zuen lanean. Saioko bertso puntuenetakoak izan ziren horiek. Eta Jone Uria lehen postuan jarri zuen bertsoaldi eder horrek. Buruz burukora joateko orduan puntu gehien lortu zituen bertsoaldia izan zen. Nerea Ibarzabalek ere hiru bertso eder askoak josi zituen, liburua argitaratu berri duen idazlearen paperean, kontrako iritzirik jaso ez arren, inguruan isiltasun handia igerri ostean. Emakumeak inguruan batu dituen liburua zela argitu zuen azken bertsoan, aurretik bi irudi eder sortuta: lehenengo bertsoaren amaieran putzura harria bota eta uhinik sortu ez; eta bigarrenean airean dabiltzan berben irudia sortzean. Ederra sorta osoa.

Bi emakume buruz buru

Etena eta irrika. Lan gehienak amaitu eta buruz burukora nor pasatuko zain geunden guztiok. Hor hasten dira kinielak. Hau eta hori. Hura eta hauxe. Baina gai jartzaileak Jone Uria eta Nerea Ibarzabal aitatu zituenean, inor ez zen askorik harritu, eta bertsoaldien arteko lotura azkarra egin, eta une bizienak gogora ekarrita txalo zaparrada handi baten murgildu zen Miribilla kiroldegia.

Besarkadek eta urduritasunak iluntzeko bertsoaldi ederrenari egin zioten lekua. Nerea Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean kantatzen, eta Jone dauka pinganilotik bertsoak txibetan. Atsedenaldian komunean elkartu eta sortu zuten bertso sorta ikaragarri ona izan zen. Arratsaldeko une dizdiratsuena ziurrenik. Biak oso ondo, eta biek puntu parrastada itzela jaso zuten. Baina puntuen gainetik, Miribilla pabiloian sortu zen bertso giro itzela da nabarmentzekoa. Sei puntuko motzean aritu ziren gero; kartzelara joan aurretik. Kartzelako gaian, “topa egin eta txin txina entzutearekin batera, pasatu dadila pasatu beharrekoa” zioen gaiak. Nerea Ibarzabalek istorio polita prestatu zuen bikote ohiarekin izandako zita batean, eta txanpan burbuilen dizdira horrek kolorea eman zion bere bertsoaldi-istorio guztiari, planoz plano, sekuentziaz sekuentzia, bertsotik bertsora film eder bat sortuz, afariko mahaitik, hotelera, gelara eta musu bakarraren osteko agurreraino. Halako txalo zaparrada jaso zuen gero. Jone Uriak berriz, adinean gora doan emakumearen paperean aritu zen, bi urtez kalera irten barik egon ostean, murrizketa guztiak gainditu eta lagunekin topa egin eta gozatzeari ekin dionari bertso sorta ederra eskaini zion.

Txapeldun Nerea Ibarzabal. Pozik denak, eta bera batez ere, eta Bizkaiko bertsogintzaren ordezkari andana eszenatoki gainean, banan banan sariak ematen. Arduradun instituzionalik edo enpresa mundukorik bat ere ez; protagonismo guztia behetik gora bertsoaren alde lanean ari direnek. Urte osoan bezala. Isil eta apal, eta bertsoaren osteko txaloekin.

Zabaldu: