(argazkia: Bertsozale Elkartea)

Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalerako sarrerak agortu dira

Abenduaren 18an jokatuko da finala Iruñeko Nafarroa Arenan.

Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez, Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalerako sarrera guztiak agortu dira. “Harmailakoak eta pistakoak bukatuta zeuden jada, eta amaitu dira errebotekoak ere. Bete da edukiera, beraz, eta ez da sarrera gehiagorik salgai jarriko”, adierazi du elkarteak bere webgunearen bidez.

Gainerako saioeterako sarrerak, berriz, salgai daude oraindik www.bertsosarrerak.eus atarian. Bertsozalek gogorarazi du saio guztiek edukiera mugatua dutela eta sarrerak aurrez eros daitezkeela.

Ekainean, Bertsolari Txapelketa Nagusia aurkeztearekin batera, salgai jarri ziren finaleko sarrerak. Bertsozale Elkarteko bazkideek sarrera erreserbatuta izan zuten sarrera lehenengo astean. Uztailetik aurrera, bazkide zein ez bazkideek izan dute aukera txartelak eskuratzeko.

Finalerako autobus eta bazkari txartelak

Aurki jarriko dituzte salgai finalerako joateko autobus eta bazkari txartelak. Horiek ere, www.bertsosarrerak.eus atarian jarriko dira eskuragai.

Txapelketa jarraitzeko aukera

Euskal Telebistako Hitzetik Hortzera telebista saioak lehen astean abiatu zuen denboraldi berria eta astez aste egingo dio Txapelketari jarraipena. Bestalde, txapelketa jarraitu ahal izateko, astelehenero jarriko dira saioetako bertsoaldiak Bertsoa.eus atarian.

Lehen faseko saioak ez dago zuzenean ikusteko aukerarik. Finalaurrekoetako saioak, berriz, Internetez Bertsoa.eus eta eitb.eus atarietan eskainiko dira zuzenean; baita, telebistaz, ETB4 katean ere.

Zabaldu: