(argazkia: BFA)

Bertsolaritza, adineko pertsonentzako terapia

Egoitzan bizi diren pertsonak euskal kulturaren protagonista aktibo bihurtzen ditu bertsolaritzak, ikuspuntu ludiko batetik, eta haien parte-hartzea eta ongizatea sustatzen du.

Adineko pertsonen bizi-kalitatea eta gaitasun psikoemozionalak bertsolaritzaren bidez hobetzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak, adineko pertsonentzako hamabi udal-egoitzarekin lankidetzan, Bertso Ardatz ekimena jarri du abian.

Bizkaiko udal egoitzei eskainitako ekimena herri hauetako egoitzetan garatzen ari da: Gernika, Dima, Orozko, Ondarroa, Zeberio, Lekeitio, Durango, Otxandio, Leioa, Bermeo, Sondika eta Zornotza.

Saio bakoitzean eskualde bereko bi bertsolarik hartzen dute parte, eta, esperientzia aberasteko, bertsolariak belaunaldi desberdinetakoak dira. Gainera, aldez aurretik, zentroetako dinamizazio-langileek aztertzen dute zer bertso zahar eta herri-kanta gustatzen zaien gehien egoiliarrei, eta horrela, esperientzia pertsonalizatuagoa eta esanguratsuagoa izaten da.

Bertso Ardatz saioek onura ugari dituzte: “Egoiliarren osasun psikoemozionala hobetzen” dutela diote antolatzaileek. “Depresioari eta horrelakoei musikaren bidez aurre egiten laguntzen dute; pertsonen arteko interakzioa sustatzen dute, bizipenak partekatzeko espazio berriak sortuz; eta egoiliarren, zentroetako langileen eta bertsolarien arteko lotura indartzen dute”.

Bertsolaritzak euskal kulturaren protagonista aktibo bihurtzen ditu egoitzan bizi diren pertsonak, ikuspuntu ludiko batetik, eta haien parte-hartzea eta ongizatea sustatzen du.

Hasierako balorazio positiboak

Lehenengo saioak Leioan, Ondarroan, Orozkon eta Otxandion egin dira eta oso balorazio onak jaso dituzte langileen, zentroetako zuzendaritzaren eta egoiliarren aldetik, eta “motibazio- eta konfiantza-giroa” nabarmendu dute. Abenduan, saio gehiago egingo dira ekimen honetan parte hartzen duten gainerako egoitzetan.

Zabaldu:

Utzi erantzuna