(argazkia: Euskaltzaindia)

Bertsolaritzaren 200 urtetako historia soziala biltzen duen liburua aurkeztu dute

Antxoka Agirrek ondu du Bertsolaritzaren historia soziala. Oihartzuna, eragiletza eta gakoak (1823-2018) ikerlana eta EHUk eta Euskaltzaindiak elkarlanean argitaratu dute.

Euskaltzaindiak Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera argitaratu du Bertsolaritzaren historia soziala: oihartzuna, eragiletza eta gakoak (1823-2018) ikerlana. Liburua Durangoko Azokan aurkeztu da, eta agerpenean izan da Antxoka Agirre kazetaria eta liburuaren egilea Jon Sarasua irakasle eta euskaltzain urgazlearekin batera.

Ikerketa hau egiterakoan, bertsolaritzak prentsa historikoan, irratian, zineman, telebistan nahiz Interneten izandako presentziaren bilketa eta azterketa hartu du abiapuntutzat egileak. Bertso-munduko eragiletzaren zortzi belaunaldiren biografiak eta ekarpenak ere harilkatu dira kontakizunean. Eta hau guztia Europan herri-kulturak izandako bilakaeraren testuinguruan kokatu da. Azken emaitza kultura-bilakaera guztiz bereziaren berrikuspen zabala da.

Sarasuak egin dio hitzaurrea ikerlanari, eta irakurri zuen mementuan bertan harrituta geratu zela aitortu du irakasleak: ·Ikerketa hau begi aurrean izan nuenean ohartu nintzen lehen aldiz marraztu zitzaidala gure ibilbidearen kontakizun sendoa. Ez geneukan”. Gogoeta horri eutsiz, jarraitu du esanez “lan honek izan garenaren erradiograma” ematen duela, hain zuzen, bertsolaritzaren “hezurduraren argazkia”. Azkenik, Sarasuak nabarmendu du liburuak “autokonprensiorako” kontakizuna ematen duela, ez arlo batean, hirutan baizik: “gure eragiletzaren ibilbidean, gure historia sozialean eta gure presentzia mediatikoan”.

Horixe bera azpimarratu nahi izan du Agirrek, “labur esanda, bertsolaritzaren 200 urtetako historia soziala biltzen du lan honek, hiru ardatzetatik abiatuta: bertsolaritzaren presentzia mediatikoa aztertuz; bertso munduko eragiletzaren historia bat osatuz; eta hori dena Europan herri-kulturak izandako bilakaeran kokatuz. Bertsolaritza ikertua izan da, baina faltan hartzen nuen bertsolaritza fenomeno sozio-kultural bezala azaltzen zuen lan bat”, kontatu du Agirrek, eta kezka horren aitzakiaz liburu mardul bezain interesgarria ondu du kazetariak.

Zabaldu: