EKEk zehaztu duenez, erakusketak bertsolaritza ezagutzen ez dutenei ahozko arte hau ulertzeko zenbait gako eskainiko dizkie. Bertsozaleek, berriz, lekukotasun eta artxibo-irudi bereziak ikusteko parada izango dute.
Euskal Kultur Erakundeak, Donibane Lohizuneko herriko etxearekin elkarlanean, bertsolaritzari buruzko erakusketa multimedia irekiko du urtarrilaren 21etik 31ra, Pavlovsky aretoan. “Erakusketak bertsolaritza ezagutzen ez dutenei ahozko arte hau ulertzeko zenbait gako eskainiko dizkie ”, azaldu du antolakuntzak. Bertsozaleek, berriz, lekukotasun eta artxibo-irudi bereziak ikusteko parada izango dute. “Tradizio honi buruzko ‘Iparraldeko’ behakoa proposatzen da batez ere erakusketan”, azaldu du antolakuntzak.
Erakusketa lau dorre multimediaz osatuta egongo da. Orotara bi ordu inguru ikus-entzunezko pasarte/erreportaje ikusteko parada eskaintzen dute:
What is bertsolaritza? – Zer da bertsolaritza? (urtea: 2019)
Bertsolaritza nazioartean ezagutzera emateko xedea duen ikus-entzunezkoa da What is bertsolaritza?. Bertsolaritzaren testuingurua azaldu eta bere deskribapena egiteaz gain, bertsoaren sormen prozesua bera ere azaltzen du 20 minutuko ikus-entzunezkoak.
Etxepare Euskal Institutuak eta Mintzola Ahozko Lantegiak elkarlanean ekoiztu zuten 2019an.
Ikuska 18 : Xabier Amuriza (egilea: Antxon Ezeiza – urtea: 1984)
Xabier Amurizak 1980ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean Aita izena kanta beharrak bertsoak nola asmatu zituen erakusten du hamar minutuko dokumental honek.
Maite Barnetche kazetariaren artxiboetan
Maite Barnetche 1970eko hamarkadan euskarazko telebistaren aitzindari izan zen. FR3 frantses katean Euskal Herria orai eta gero emankizuna zuzendu eta aurkeztu zuen 1971tik 1986 arte.
“Egiazko altxorrak daude Frantziako ikus-entzunen erakundearen jabegoan (INA) diren dokumentu horietan”. EKEk bertsolaritza aipatzen dituzten hiru hautatu ditu, “erakusketa bisitatzeak balio du, horien ikusteko baizik ez bada ere. Izan ere 1979 eta 1981 urteen arteko Iparraldeko bertsolari ezagunak erakusten dituzte emankizun arraro horiek, Mattin (Mattin Treku – 1916-1981) eta Xanpun (Manuel Sein – 1928-2002) agerian emanak direlarik bereziki”.
Eleketa, bertsolaritzaren Ipar Euskal Herriko ahozko memoria
2007. urteaz geroztik, Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren obralaritzaren pean, Euskal kultur erakundeak Eleketa izeneko Ipar Euskal Herriko ahozko memoriaren ikus-entzunezko bilketa programa handi bat darama.
EKEk bertsolaritzari buruzko 30 lekukotasun-zati hautatu ditu bere datu-basean, “Iparraldeko zenbait behako eskaintzen dizkigute, Badihardugu elkarteak Ahotsak programaren baitan grabatutako testigantzek osatzen dituzte”.
Ukipen-pantaila baten bitartez kontsulta daitezke. Bost atal nagusitan sailkatuak dira:
- Iparraldeko tradizioari zenbait behako
- Bertsolarien bizipenak
- Bertsolaritzaren eskolan
- Bertsolaritzaren garapenak eta aldaketak
- Antolatzaileak, epaileak eta gai-jartzaileak
Entzungai diren lekukotasunen artean:
- Antolatzaile edo epaile lanetan aritu direnak: Beñat Soule (1947-), Pierre-Arnaud Idieder (1957-2020), Jean-Louis Harignordoquy (1954-), Mixel Itzaina (1933-2025), Émile Larre (1926-2015)
- Bertsolariak: Txomin Ezponda (1937-), Jesus Arzallus (1954-), Sustrai Colina (1982-), Maddi Ane Txoperena (1994-), Michel Aire (1944-2025), Jean-Louis Harignordoquy (1954-), Odei Barroso (1988-), Alexandre Etcheberry (1931-2018)
- Bertsolarien hurbilekoak: Petra Ibarra (1931-), Marie-Christina Oçafrain (1955), Anttonie Sein (1926-)
Xilaba txapelketa
Antolatzaileek aipatu dutenez, “neurri handiko bederatzi argazkik Bertsularien lagunak elkarteak antolatutako azken Xilaba Txapelketa dakarzkigute gogora”. Baionako Etxepare lizeoko bertso eskolako Johane Larrek egin ditu argazki hauek.