Bertsotan trebatzeko karta-jolasak sortu dituzte

Bertsozale Elkarteak eta Lanku Kultur Zerbitzuek sei karta sortez osatutako bilduma aurkeztu dute bertso eskolentzat. Karta-jolasak haurrekin bat-bateko ariketa ezberdinak lantzeko aukera emango die.

Haurrek bat-batean egiteko karta-jolasak aurkeztu dituzte Bertsozale Elkarteak eta Lanku Kultur Zerbitzuek. Bertso eskoletan eta ikastetxeetan baliatzeko materiala dela azaldu dute. Bertsozale Elkarteko irakasle lantaldean sortu dituzte kartak.

Hala, iragarri dutenez, bertso-eskola bakoitzari bilduma bana emango diote opari gisa. Gainera, “materiala ontzen ari ginela iragarri genuenean eskaera egiteko aukera eman genien ale gehiago behar zituztenei”, adierazi dute. Horiei guztiei datozen asteetan egingo diete banaketa herrialdeetako Bertsozale elkarteen bidez, horretarako bertso eskolekin harremanetan jarriko dira, “egoera zail honetan iristarazteko modurik egokiena topatzeko”.

Karta-jolasak, gainera, PDF fitxategian eskuragarri daude bertsoeskola.eus atarian, hemen.

Bertsotan bat-batean jarduteko

Elkarteak azaldutakoaren arabera, sei karta sortez osatutako bilduma honek aukera emango die haurrekin bat-bateko ariketa ezberdinak lantzeko: “puntuari erantzutea (laguntza gisa oinak emanda), azken puntua eta oinak harturik kopla edo bertsoa osatzea, lau edo zortzi oinak emanda puntutan zein bertsotan egitea, gaiak sortzea (pertsonaiak, egoerak eta emozioak konbinatuz), errimatzen duten kartak lortu eta kantuan aritzea, eta pasa hitza jolasarekin asmakizunak igartzea”.

Zabaldu: