(argazkia: Bertsozale Elkartea)

Bertsozale Elkartea 29.700 ikaslerekin ari da eskoletan bat-bateko metodologia lantzen material berriarekin

Azken urteotan, metodologian, irakasleen formakuntzan eta material sorkuntzan ari dira indar egiten.

Bertsozale Elkarteak 37 urte daramatza ikastetxeetan bertsolaritza lantzen, eskola orduetan. “2022-23 ikasturtea abiatu dugu, eta zazpi herrialdeetako 230 herritan 485 ikastetxe ditugu bidelagun”. Hala, 50 irakasle gelaz gela eskolak ematen ari dira 29.700 ikasleri. “Bat-bateko metodologiarekin ari garenetik ikasleengan motibazioa areagotu dela, ahozkotasuna erdigunean jarri dela eta bertsotarako jarioa hobetu dela ondorioztatu dugu”, nabarmendu dute.

Azken urteotan, metodologian, irakasleen formakuntzan eta material sorkuntzan ari dira indar egiten. “Ikasleek gelan bertso saio baten esperientzia bizi dezaten sustatzen ari gara: izan entzule roletik, sortzaile zein bertsolari roletik. Horretarako, haurrei eurentzat espresuki sortutako ereduak eskaintzen dizkiegu; gelaren aurrean bat-batean bertsotan egitea esperimentatu dezaten egoerak eskaintzen ditugu eta, zailtasun maila ezberdinetan, urratsez urrats, bertsotan egiteko gaitasuna lantzen dugu”.

Ikastetxeetan bat-bateko metodologiarekin ari direnetik ikasleengan motibazioa areagotu dela, ahozkotasuna erdigunean jarri dela eta bertsotarako jarioa hobetu dela ondorioztatu dute ikastetxeek ikasturtero betetzen duten ebaluazio galdetegietan.

Metodologia ikertzen

Azken ikasturteetan bezala, aurten ere bertsolaritza ikas-irakasteko metodologia ikertzen jarraitzen dute. Orain arte izan diren proposamen didaktiko guztiak, batetik aurten bete dira berrogei urte Xabier Amurizaren Zu ere bertsolari argitaratu zenetik ; eta, bestetik, gaur egun martxan duten metodologia bera. Azken horri dagokionez, irakasleek euren jardun errealean martxan jartzen dituzten estrategiak zeintzuk diren aztertzea da helburua.

Ikerketak luzerako emango duen arren, orain arteko ondorioak elkarteko irakasle guztien artean partekatzea da asmoa.

Irakasleen formazioa, HUHEZIrekin 

Bertsozale Elkarteko 50 irakasleak herrialdeetako mintegietan elkartzen dira, ikasgela barruko lana partekatzeko; eta aldi berean, Batzorde Pedagogikoan biltzen dira herrialdeetako didaktika arduradunak, metodologia, formazio eta materialgintza gaiak lantzeko.

“Ikasturte honetan, oinarrizko formazio ikastaroa ari gara eskaintzen Bertsozale Elkarteko irakasle hasiberrientzat, Moodle plataformaren bidez eta saio presentzialekin. Bertan 18 bertsolaritza irakasle ari dira oinarrizko nozioak lantzen. Gainerako irakasleek formazioan sakontzen jarraitzen dute; aldiro, mintegietako kide batzuek HUHEZI fakultatean eskutik euren gela barruko lana berrikusteko aukera dute. Horretarako, irakasleek euren eskolak bideoz grabatzen dituzte, eta HUHEZIko formatzaileen bidelaguntzarekin, horiek gidatzeko euren moduak nola hobetu ditzaketen lantzen dute”.

Bertsozale Elkarteko Batzorde Pedagogikoko lantaldea ere HUHEZIrekin formatzen ari da, nork bere lurraldeko irakasle mintegian bidelaguntza hori eskaini ahal izateko irakasle lankideei.

Irakasleak materiala sortzen

Bertsozale Elkarteko 50 irakasleko lantaldea bera da ondoren gelan erabiliko duen materiala bere eskutik sortzeko aukera duena. Batzorde Pedagogikoan diseinatu eta irakasle mintegiek egindako talde lanari esker, Zozoak beleari… kopla bi! materiala sortu berri dute hiru formatutan: www.bertsoikasgela.eus atarian eskuragarri daude formatu digitalean, ikasleentzat ikasliburu formatuan eta irakasleak gelara eramateko karta jokoen bidez.

Ikasmateriala sortzeko prozesuan partaide dituzte, halaber, sortzaile kolaboratzaileak: haurrentzat bertso sortak jartzen dituzten bertsolariak, ilustratzaileak (Ainara Azpiazu Axpi, Izaro Lizarraga, Malen Amenabar eta Mariñe Arbeo) eta sortak musikatzeaz arduratzen den Oskar Estanga bertsolari eta musikaria.

Ikaselkar hezkuntza argitaletxearekin elkarlanean

Ikaselkar hezkuntza argitaletxeak Lehen Hezkuntzako lehen ziklorako Kimu ikasmateriala sortu du. Bertan, unitate didaktiko bakoitzera sarrera egiteko bertso sortak baliatu dituzte. Bertsozale Elkartetik prozesuan bidelaguntza eskaini dite, eta egun, www.bertsoikasgela.eus atarian ere ikusgai dituzte bertso sorta horiek. Bertsolari ezagunek haurrentzat jarritako sortak dira, Elkar estudioan musikatu eta ekoiztu direnak; bideoan bertsolariak kantuan ikus daitezke, estudioan hartutako irudiekin. Sorta batzuek ilustrazioekin osatutako bideo muntaiak eskaintzen dituzte.

Zabaldu: