Liburuko bertsoaldien corpusak herritarrek antolatutako bertso saioetan bat-batean kantatutako hainbat bertso biltzen ditu.
Bertsozale Elkarteak urteko bertso bilduma paperean kaleratuko du aurtengoan ere. Bertako kideek nabarmendu dutenek bazkideek doan eskuratu dezakete bilduma jada. Horretarako, www.bertsozale.eus atarian argitaratutako formularioa bete beharko da otsailaren 10a baino lehen, eta Bapatean 2024 etxean jaso nahi dela adierazi.
Gainera, audio fitxategiak eskuratu nahi izanez gero, xenpelar@bertsozale.eus helbidera idatzi beharko da eskaera egiteko.
2024ko Bapateanek dakartza, besteak beste, Euskal Herri osoko bertso plazei buruzko informazioa, eskualdearen araberako saio kopuruak, aldizkako saio zein sariketen berri eta Xenpelar Dokumentazio Zentrora (XDZ) grabatuta iritsi diren bertsoaldien hautaketa bat. Lurraldetasuna, generoa, belaunaldiartekotasuna, saio mota, doinuen berritasuna… bezalako aldagaien baitan bereizitako bertsoaldiak dira, beti ere, bertsolari bakoitzaren saio kopuruan oinarrituta.
Aurtengo edizioari Unai Mendizabal Jauregik egin dio aitzinsolasa, Plazaren atzean izenekoa. Bertsoei dagokionez, Bapatean 2024k 687 bertso dakartza; 74 bertso saiotako 88 bertsoalditan multzokatuak. Gainera, bertsoaldi bakoitzari dagokion informazioa ematen da: gai, doinu, parte hartzaile, antolatzaile… bai eta saio bakoitzaren testuinguruari buruzko zertzeladak ere.
Bapatean 2024 liburuko bertsoaldien corpusak herritarrek antolatutako bertso saioetan bat-batean kantatutako hainbat bertso biltzen ditu; txapelketakorik ez dakar, ez bada herrialdeetako txapeldunen agurra edo gazte sariketatan kantatutakoak.
Bertsozalek nabarmendu duenez, “anitz jenderen lanaren emaitza da liburu hau. Borondatezko grabatzaileen zerrenda luzea da eta guztioi esker jaso ahal izan dira grabazioak eta potretak. Beraz, eskerrik beroenak bihotz-bihotzez saio erdi, oso bat edo hamaika grabatu, edo argazkiren bat egin eta XDZra helarazi dizkiguzuen hainbeste bertsozaleri”.