(argazkia: Bertsozale Elkartea)

Bertsozale Elkarteak Bertso Udalekuetako txandak ezagutzera eman ditu

Martxoaren 4an hasiko da izen-ematea gurasoetako bat Bertsozale Elkarteko bazkide dutenentzat edota bertso-eskolako kide direnentzat. Ondoren, betetzeko geratzen diren txandekin bigarren izen-emate epea irekiko da gainerako interesdunentzat, martxoaren 20tik apirilaren 15era.

Bertso Udalekuetako gazteak Bidarrain, Larraulen, Uitzin eta Zuhatzan elkartuko dira aurtengoan. Uztailean izango dira txanda guztiak, eta ohi bezala adinaren arabera banatu ditu Bertsozale Elkarteak taldeak: “gaur bertan argitaratu dugu txanden inguruko informazioa. Hementxe bertan deskarga dezakezu eskuorria”, adierazi dute bertako kideek.

Hala, martxoaren 4an hasiko da izen-ematea gurasoetako bat Bertsozale Elkarteko bazkide dutenentzat edota bertso-eskolako kide direnentzat; hilaren 17ra arte izango dute lehentasuna. Ondoren, betetzeko geratzen diren txandekin bigarren izen-emate epea irekiko dute gainerako interesdunentzat, martxoaren 20tik apirilaren 15era bitartean. Izen-emateak 10:00etan irekiko dira bi kasuetan.

Hezitzaileen izen-ematea

Parte hartuko duten gazteek izena eman aurretik, berriz, hezitzaileekin hornitu behar dituztela txandak nabarmendu dute. Beraz, ostegun honetan (10:00etan hau ere) irekiko da hezitzaileentzako izen-ematea: “begirale, zuzendari edo sukaldari izan nahi dutenek edota begirale praktikak egin nahi dituztenek eman ahalko dute izena. Begiraleen eta zuzendarien kasuan, ezinbestekoa izango da begirale titulua izatea”.

Apirilean jakinaraziko dira zeintzuk diren lantaldeak eta “parte hartuko dutenek maiatzaren 17tik 18ra arte Larraulen egingo den prestaketa saioan parte hartu beharko dute, udalekuen antolaketa ona ziurtatzeko”, zehaztu du elkarteak.

Zabaldu: