Bertsozale Elkartearen ‘Bapatean 2021’ bilduma kalean da

Denetara 54 bertso saiotako 80 bertsoaldirekin osatu dute bilduma. Maddi Sarasua bertsolariak idatzi du liburuaren hitzaurrea.

Bertsozale Elkarteak paperean kaleratuko du urteko bertso bilduma. Bertako kideek adierazi dutenez, “oso pixkanaka dator plaza ohiko erritmora: osasun neurriak lasaitu ahala oholtza gaineko ekitaldiak egiteko aukera izan da, baina otorduen bueltako edo zutik eta distantzia laburrean gozatzen diren saio asko galdu ditu bertsolaritzak pandemia lehertu zenetik”. Hala ere, 2021. urteak bertso eder asko utzi dituela diote eta Bapatean 2021 bilduman jaso dituzte.

Audioak entzungai jarri dituzte bdb.bertsozale.eus atarian; baita bertsoaldi horien gaineko eta, oro har, bertsolaritzaren mugimenduaren gaineko datuak jasotzen dituen dokumentua ere. Azaldu dutenez, azken urteotan formatu digitalean eskuratu izan da bilduma, baina aurten, liburua etxean ere jaso ahal izango dute eskaera egiten duten bazkideek. Horretarako, otsailaren 25eko eguerdia baino lehen bete behar da webgune honetan argitaratu berri den inkesta, eta amaieran Bapatean 2021 etxean jaso nahi dela adierazi. Bestalde, bertsoaldien audio fitxategiak jaso nahi badira, mp3 formatuan, xenpelar@bertsozale.eus helbidera idatzi beharko da. Bazkide ez direnak,berriz, 15 eurotan eskuratu ahal izango dute argitalpena Elkar dendetan.

Maddi Sarasuak idatzi du liburuaren hitzaurrea. Bertsolari lapurtarrak bertso ekitaldien zentzuari eta kulturaren funtzioei egin die erreferentzia: “Egon dira plazak eta saiatu gara bertsolariok umorea pizten, kezkei eta gogoei kantatzen. Baina denen kezkak eta gogoak berdinak ez direnean ez da erraza zer kantatu asmatzen. Eta plazara seguru atera behar den arren, galderak dauzkagu barruan”.

Denetara 54 bertso saiotako 80 bertsoaldirekin osatu da bilduma: 548 bertso transkribatu dira gai, doinu eta ohiko informazio guztiarekin. Hautaketan lurraldetasun, genero eta belaunaldiartekotasuna kontuan izan dira, bertsolari bakoitzak egindako bertso kopurua ere bai. Lehen aldiz, Ipar Euskal Herriko ahapaldiak dagokien forman idatzi eta izendatuta dakartza bildumak. Urtero bezala, bertso plazari buruzko datu orokorragoak ere eskaintzen dira.

Elkarteak azpimarratu du jende askok katean egindako lana dela Bapatean. “Xenpelar Dokumentazio Zentroan koordinatzen da bilketa lana, eta hainbat grabatzailek jasotako informazio eta grabazioak dira azterketaren oinarri”. Bertsozalek herriz herriko biltzaileek egiten duten lana nabarmendu nahi du.

Proiektua gauzatzeko Gipuzkoako Aldundiaren Oreka eta Eusko Jaurlaritzaren ondare immaterialaren azterketarako diru-laguntza jaso ditu.

Zabaldu: